Lezoko Udalak BIBErlazioak abiarazi du, tokiko zaintza- eta harreman-ekosistema indartzeko

Or, 2026-02-13 13:52

BIBErlazioak programaren lehenengo saioa hurrengo ostegunean, otsailaren 19an izango da. 17:00etatik 19:00etara, dinamika parte-hartzaileak, entzute aktiboa eta askari partekatua izango dira BIBEtokian, bizitza betearen inguruan hausnartu eta herriko eragile zein herritarren arteko komunitate sarea indartzeko.

Lezoko Udalak BIBErlazioak proiektua jarri du abian, BITAR-BASK elkartearekin batera —bizikidetzan, ongizate emozionalean eta gizarte-parte-hartzean espezializatutako irabazi-asmorik gabeko erakundea—. Herritarrei zuzendutako programa parte-hartzailea da, eta bere helburua da harremanetan, parte-hartzean eta udalerriko eragileen arteko lankidetzan oinarritutako tokiko zaintza-ekosistema bat sustatzea.

Programa berri honek jarraipena ematen dio BIBE proiektuaren baitan azken urtean egindako lanari. Proiektu horretan, udalerriko adineko pertsonekin egindako diagnostiko parte-hartzaile batek erakutsi zuen harremanak funtsezkoak direla ongizaterako, zaintzarako eta bizitza zentzudun baterako, baita tokiko topaguneak eta parte-hartzerako espazioak sortzearen garrantzia ere.

Aurretik egindako ibilbide horretatik abiatuta, BIBErlazioak-ek etapa berri bat irekitzen du, Lezoko herritar guztien inplikazioa sustatu nahi duena. Horretarako, espazio irekiak sustatuko dira, non herritarrek, elkarteek eta tokiko eragileek elkarrekin erabaki ahal izango duten nola zaindu eta nola elkar zaindu Lezon.

Programa hau hainbat politika publiko, programa eta jardunbide egokiren testuinguruan kokatzen da, hala nola Zaintza HerriLab, Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailak eta Adinberri Fundazioak sustatua; Ekintza Komunitarioko Esparrua, Gobernantza Onaren eta Berrikuntza Politiko-Sozialaren Zuzendaritzak garatua; eta Erlauntza ekimena, Etorkizuna Eraikiz programaren baitan. BIBErlazioak-ek erreferente horiek udalerrira ekartzen ditu, zerbitzuen, elkarte-sarearen, profesionalen eta herritarren arteko koordinazioa sustatuz.

Programa hileroko topaketen bidez garatuko da. Topaketa horiek hilabeteko hirugarren ostegunetan egingo dira, 17:00etatik 19:00etara, Lezoko BIBEtoki espazioan (Zubitxo kalea 21). Topaketa hauek espazio ireki, hurbil eta irisgarri gisa pentsatuta daude, eta bertan dinamika parte-hartzaileak, entzute aktiboko saioak eta topaketa informaleko uneak uztartuko dira, hala nola askari partekatuak. Espazio horien bidez, lotura komunitarioak indartu eta zaintza partekatuan oinarritutako eredua eraikitzen aurrera egin nahi da, herritarrekin, elkarteekin eta tokiko eragileekin elkarlanean.

Lezoko Udalak azpimarratzen du BIBErlazioak udalaren apustu instituzionalaren parte dela, zaintza eta harremanak bizitza komunitarioaren erdigunean jartzeko. Helburu horrekin, herritarren parte-hartzea eta udalerriko eragileen arteko lankidetza funtsezko tresnatzat jotzen dira, gaur egungo eta etorkizuneko erronka sozialei aurre egiteko.
Programa adineko pertsonekin egindako aurreko lanetik abiatzen bada ere, helburua da BIBErlazioak adin guztietako pertsonek partekatutako espazioa izatea, Lezon komunitate-sentimendua eta zaintzarekiko konpromiso kolektiboa indartuz.

Lehenengo topaketa otsailaren 19an izango da, BIBEtokian, herritar guztiak bertaratzera gonbidatu dituzte. Informazio gehiago lortzeko, edozein zalantza argitzeko edota parte-hartzea baieztatu nahi duten herritarrek 621 15 66 04 telefonora deitu edo WhatsApp bidez mezu bat bidali dezakete, edo biberlazioaklezo@gmail.com helbide elektronikora idatzi.

BIBErlazioak egitasmoaren abiapuntua

Gipuzkoan, biztanleen %22tik gora 65 urtetik gorakoa da, eta lurraldea Europako bizi-itxaropen handiena dutenen artean dago. Horrek erronka sozial berriak dakartza, bereziki luzaroago bizitzearekin, zaintzarekin eta komunitate-kohesioarekin lotutakoak (EUSTAT, Adinberri Fundazioa). Aldi berean, pertsona bakarreko etxebizitzen gorakadak —horietako asko adinekoek osatuak— agerian uzten du bakardadea eta harreman-sareen ahultzea gure inguruko erronka nagusietako bat bilakatu direla. Testuinguru horretan, foru-eremutik sustatutako azterlan eta esperientziek nabarmendu dute harreman sozialek, parte-hartzeak eta komunitateko kide izatearen sentipenak funtsezko garrantzia dutela ongizaterako eta zentzuzko bizitza baterako luzaroko bizitzaren aro honetan (Adinberri, Zaintza HerriLab).

Lezon, ikuspegi hori iaz BIBE egitasmoaren baitan egindako parte-hartze prozesuan jaso zen; bertan argi geratu zen harremanek eta komunitate-loturek erdigunean egon behar dutela zaintza, ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzeko.

Arloa edo saila