Tokiko moneta sozialaren proiektu pilotuaren aurkezpena bihar Lezon

Al, 2025-09-22 19:34

Tokiko monetaren proiektu pilotua jarriko dute martxan Oarsoaldean. Proiektua aurkezteko, aurkezpen-bilera egingo dute bihar Lezoko Kultur Aretoan, 18:00etan.

Ipar Euskal Herrian 12 urte daramatzate Euskoa erabiltzen, Europako tokiko monetarik garrantzitsuena bihurtu delarik. Orain, Euskoaren esperientzian oinarrituta, Hego Euskal Herrian tokiko monetaren proiektua martxan jarriko da eta 2 eskualdetan egingo dira proiektu pilotuak: Baztanen eta Oarsoaldean.

Tokiko ekonomia eta harreman sozialak indartzeko tresna gisa aurkezten da tokiko moneta eta Oarsoaldean hasiko den proiektu pilotuak bide eta aukera berriak zabalduko ditu arlo ekonomiko eta sozialean.

Oarsoaldea eremu anitza eta urbanoa da, berezko ezaugarriekin eta komertzio eta zerbitzu eskaintza zabalarekin. Horregatik, tokiko monetaren proiektua herri bakoitzaren ezaugarrietara egokitu beharko da, eta lan hau tokiko eragileekin elkarlanean egin nahi da hasieratik.


Datozen asteetan aurkezpen-bilerak egingo dira eskualdeko herrietan, herritarrei eta herriko eragileei proiektua aurkezteko eta parte hartzera gonbidatzeko. Lezon bihar egingo da aurkezpen-bilera, 18:00etan Kultur Aretoan. Antolatzaileek gonbidapena luzatu diete herriko eragileei aurkezpenera joan daitezen, baita proiektuan interesa duen herritar orori ere.

Lezoko Udalak herriko eragile, talde zein norbanako gonbidatu ditu aurkezpen bileran parte hartzera.