Urrullo lur-sailak, nekazaritza ekologikorako

Ar, 2013-10-01 09:42

Udalerrian dagoen eta Aldundiarena den Urrullo baserriaren lurretan, hektarea bateko baratza moduluak prestatu dira nekazaritza ekologikora bideratzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxa Ekogunearekin eta Behemendi Landa Garapeneko elkartearekin elkarlanean, Lezoko Urrullo baserriaren lurretan bost ustiapen berri zabaldu ditu nekazaritza ekologikoan lantzeko.

Ekitaldian Martin Garitano, diputatu nagusia; Ainhoa Zabalo, Lezoko alkatea; Koldo Lizarralde, Landa Garapeneko zuzendaria; Xabier Esteban, Ekoguneko proiektu arduraduna; Mikel Cendoya, Behemendiko ordezkaria, eta lurrak landuko dituzten nekazariak izan ziren.

Lursaila (5,5 Ha) Lezoko udalerrian dago –Gaintxurizketako eremu urbaniza ezinean–. Hektarea bana izango duten bost baratza prestatu dira  gutxieneko azpiegitura guztiekin. Urrulloko baserria almazen bezala erabili ahal izango dute eta ur depositu handi bat egin da.

Urrulloko egitasmo honen helburuak honakoak dira:

  • Nekazaritza ekologikoa sustatzea.
  • Lehen sektorean bost lanpostu sortzea.
  • Gaur egun soilik abeltzaintza erabilera duen sailari  probetxu gehiago ateratzea.
  • Eskualde honetan baratzagintza arloak duen finkapenaz baliatzea, bere  ekoizpen eta merkaturatzean hasi edo hedatzeko.  

Nekazaritza Lur Funtsa sortzeko lehen urratsa

Azken urteotan Gipuzkoako nekazaritza ustiategien kopuruak beherakada nabarmena izan du. Ustiategi askotako jarduera bertan behera utzi da eta lur-sailak erabilpen gutxirekin edo gabe gelditu dira.

Aldi berean, nekazaritza lurzoru erabilgarriak galtzen ari dira, hiri eta industri garapeneko azpiegitura eta jarduera berrien eraginez. Guzti hau eragozpen bihurtzen da hain beharrezkoa den belaunaldi aldaketarako.

Ustiategiei beren xedeetarako behar duten nekazaritza lurzorua eskaintzeko, lurrak aldi baterako lagatzeko merkatua dinamizatuko duen Gipuzkoako Nekazaritza Lurren Funtsak arazo hauek aurre egin nahi die. Lur Funtsean sartzen diren ondasun eta eskubideek honako xede hauek izan ditzakete:

  • Nekazari gazteak finkatzea.
  • Nekazaritza ustiategi berriak sortzea.
  • Azpiegitura publikoak egin ahal izateko desjabetze prozesuak jasan dituzten nekazaritza ustiategiei bideragarri izaten jarrai dezaten laguntzea.
  • Agroaldeak sortzea

Kutxa Ekogunea nekazariekin konprometituta

Jaizkibel Urrulloko proiektuaren aurrekontua 130.000 eurokoa da: Behemendi Elkarteak 45.000 euro jarri ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak 45.000 euro, eta Kutxa Ekoguneak 40.000 euro.

Arloa edo saila