'Bertatik bertara' kanpaina jarri du abian UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak), bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko.
Beste urte batez, UEMAren 'Bertatik bertara' kanpainarekin bat egin du Lezok, sektoreko langileen eta bisitarien arteko euskarazko harremanak indartzeko asmoarekin. Kanpaina honekin Lezoko establezimenduetan euskararen presentzia indartu eta zerbitzu sektorean aritzen diren langileei euskaraz aritzeko bultzadatxoa ematea bilatzen du Lezoko Udalak.
Udaran zehar zerbitzu sektorean aritzen diren pertsonak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina da. Horretarako hainbat baliabide eskainiko dituzte UEMAk eta bertako kide diren udalek: 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean, gurea euskararen herria dela nabarmentzen duen diptikoa zabalduko dute bisitariak hartzen dituzten guneetan, eta merkatariek eta ostalariek zerbitzua euskaraz emateko baliabideak jasoko dituzte: kartelak, menuak eta gainerakoak euskaraz jartzeko itzulpen eta diseinu zerbitzua, euskarazko musika zerrendak, online hiztegiak eta abar.
Gainera, aurten berrikuntza bat gehitu diote kanpainari. Ohiko hiztegi txikiez gain, euskarazko musika-zerrendak prestatu ditu UEMAK denda, taberna zein jatetxeetarako.
Mahai-gainekoan bisitarientzat oinarrizko hiztegiaz eta euskarazko musika zerrendara bideratutako QRaz gain, kanpainaren nondik norakoa azaltzen du testu labur batek. Era berean, sei euskal herritarren bideoetarako QRak ere biltzen ditu mahai-gainekoak, azalpenak sei hizkuntzatan entzun ahal izateko.
Ezagutu kanpaina! Bertatik Bertara: gure herria, gure hizkuntza, gure arnasa.