Energia teknikaria kontratatu du Udalak

Og, 2024-01-11 10:32

Energia planaren zuzendaria izango da urte osoan.

Lezoko Udalak energia teknikaria kontratatu du eta dagoeneko lanean hasi da.

Mikel Arruti, Lezoko alkatearen esanetan: “krisi energetiko betean gaude. Horrenbestez, beharrezkoak dira energia iturri berriak, jasangarriak direnak eta merkatuaren arauetatik haratago funtzionatuko dutenak. Legegintzaldi hasieratik argi geneukan jorratu beharreko gaia zela eta helburu horrekin jardungo dugu. Gaia lantzeko energia teknikaria kontratatu du Lezoko Udalak urtebeterako”.

Teknikariak energia trantsizioari aurre egiteko plana osatuko du, eta horretatik ondorioztatzen diren ekintzak abiatuko ditu. Plana landu eta horren jarraipena egingo du, bai eta energia komunitatea sortzeko aholkularitza eskaini ere.

Gainera, udal eraikinen azterketa egingo du, energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarria sortzeko aukera aztertzeko.