Lezoko Udalak 52 zuzkidura-bizitoki eta anbulatorio bat eraikitzeko proiektuaren aldeko apustua egin du

Og, 2023-02-23 10:38

Segurtasuna uneoro bermatuko da.

Lezoko Udalak sendo jarraitzen du Aralar kalean 52 zuzkidura-etxebizitza eta anbulatorio berria eraikitzeko proiektuaren aldeko apustuan. Lezoko Udalaren lurzoru-lagapen baten gainean eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, zuzkidura-apartamentuak eraikitzea erabaki zen. Egungo Gobernu Taldearen lanari eta ekimenari esker, herriaren beharrei erantzungo dion anbulatorio berri bat ere eraikiko da bertan.

Lanak hasita zirela, obrak berriz lizitatu behar izan ziren, eraikuntza-materialen garestitzeak eragindako gainkostuaren ondorioz. Gainera, lur-jausi txiki bat gertatu zen, dagoeneko kontrolpean dagoena. Obra amaitzen denean, herriari onura asko ekarriko dizkion proiektua da.

Alde batetik, proiektu honek erantzun eraginkorra emango dio gaur egun Lezon etxebizitza bat lortzeko dagoen arazo larriari, batez ere lehentasunezko kolektiboei dagokienez, hala nola gazte lezoar askori. Gazteentzako alokairuko apartamentuen sustapen horrek emantzipazioa erraztuko die, lehen etxebizitza eskuragarria eta beren beharretara egokitua izango baitute.

Emantzipazioa gero eta zailagoa da hipoteken garestitzearen testuinguruan, Euriborraren igoeraren ondorioz, eta Gipuzkoan batez besteko alokairua 729 eurokoa delako.

Bestalde, anbulatorioa eraikin honen etxabean birkokatzeak osasun zentro moderno eta eraginkor bat emango dio Lezori, gure bizilagunen osasun laguntza hobetuko duena. Herriak gaur egungoa baino 3 aldiz osasun zentro handiagoa izango du zentroan egungo Gobernu Taldearen lanari esker.

Udalak inguruko bizilagunen eragozpenak eta ziurgabetasuna ulertzen ditu; izan ere, obrak hastean aparkatzeko plazak kentzeari luizia eta horren ondorioz egindako egonkortze-lanak gehitu behar izan zaizkiolako.

Hala ere, 2022ko abenduaren 12an, Aralarreko 3 eta 5eko bizilagunen komunitateko presidenteak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariaren gutun bat jaso zuen, zegokion txostenarekin. Gainera, eraikin horietako bizilagunek ezagutzen zituzten obra horiek hara iritsi aurretik, duela 14 urte hasi baitzen proiektua ezartzen.

Hirigintza proiektu hau Eusko Jaurlaritzak eta Lezoko Udalak 2009an sinatutako hitzarmen baten ondorio da. Hitzarmen horren arabera, Lezoko Udalak eraikuntzarako lurzorua lagatzen du eta Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du 52 apartamentuen eraikuntzaren kostua eta ondorengo alokairuaren kudeaketa, Alokabide sozietate publikoaren bitartez.

Jesús Mari Martiarena alkatearen (EAJ-PNV) esanetan: “araudi guztiak zorrotz beteko dira obrak egiten hasten direnean, eta udal teknikariak horren zain egongo dira. Era berean, ez dator bat EH BILDUk proiektu horren beharra zalantzan jartzearekin, “proiektuak inguru horretan izango lukeen eragina oinarri hartuta”. Izan ere, hitzarmen hori sustatu eta sinatu zen Udala ezker abertzaleak gobernatzen ari zenean, eta hauteskunde-kanpainetan alderdi politiko horrek proiektuaren balioa nabarmendu zuen.

PSE-EEko bozeramaile Joxean Sanchezentzat “ez da proiektu honi oztopoak jartzeko unea, serio eta arduratsu jokatu behar dugu eta udalerriaren egungo eta etorkizuneko beharrei irtenbidea ematen saiatu. Era berean, lezoarrei zuzendutako apartamentuak 10 baino ez direla esatea ez dela zehatza adierazi behar da; aitzitik, 52 apartamentuak lezoarrei zuzendutakoak izango dira eta apartamentu libreak geratzen badira bakarrik irekiko dira udalerri mugakideetara”.