Foru Aldundia baso-lanak egiten ari da Gaintxurizketan

Or, 2026-06-12 13:56

Gipuzkoako Foru Aldundia baso-lanak egiten ari da Jaizkibelen, berezko landaretza berreskuratzeko helburuarekin. Zehazki, lanak egiten ari diren partzela Gaintxurizketan kokatzen da, Alarguntzatik gora. 

Partzela horretan 2002 urtean japoniako gaztainondoa landatu zen. Landaketa horren helburua zen otadiaren kontrola eta baso-suteen aurrean erregai gutxi edukitzea lurrean. Castanea crenatak izan duen bilakaera ikusita, nahiz eta hasierako helburua lortu zen, ez du bertako espezien garapena ahalbidetzen. Bigarren fase honetan egingo dituzten lanen bidez, eremuaren aberastasun ekologikoa handitu nahi dute eta, horretarako, soilgune bitartez etorkizuneko espezieak (Quercus pyrenaica eta baso horren bertako espezie laguntzailek) landatuko dituzte.

Baso-lanen helburu nagusia Jaizkibeleko berezko landaretza berreskuratzea da, bereziki ameztia. Izan ere, Jaizkibelek Natura 2000 Sarearen Kontserbazio Bereziko Eremu izendapena izateko arrazoi nagusietako bat haritz mota horrek (Quercus pyrenaica) osatzen dituen basoak dira.  Gaur egun, baina, ameztiak Jaizkibelgo eremu babestuaren % 6 baino ez du hartzen, eta bere azalera potentziala % 75ekoa da.

Baso-lanek bi ekintza nagusi izango dituzte, biak kanpoko espezieak masa monoespezifikoak sortu dituen eremuan. Alde batetik, bakanketak egingo dituzte mozketa edota eraztunketaren bidez, batez ere, bertako landaretza antzematen den lekuetan. Bestetik, soilguneak sortuko dituzte bertako espezieak ez dauden eremuetan, argia sar dadin eta bertako espezieak bertan landatzeko.

Lan guztiak Aldundiko basozainek ikuskatuak eta kontrolatuak egingo dira. Negu partean eremu horretna bertako espezien landaketak egitea aurreikusi dute.

Arloa edo saila