Larunbat honetan, urtarrilaren 10ean, Jaizkibel hiribidean, Renfeko geltokitik Altamirako biribilgunera doan bidean dauden zumarrak kimatuko dira. Bide horretan dauden zumarren artean, lehorrak dauden edo lehortzeko puntuan dauden 5 zuhaitz identifikatu dira eta horiek oinarritik moztuko dira.
Lorezaintza zerbitzuak jarraipena egin die eremu horretan dauden zuhaitzei. Izan ere, herritar eta ibilgailu asko ibiltzen dira eremu horretan eta lehortutako adarrek eta zuhaitzek erortzeko arrisku handiagoa dute. Hori horrela, eta arrisku hori gutxitzeko helburuarekin, aipatu kimaketa lanak burutuko dira.
Lanak goizez egingo dira errepidea moztu gabe eta trafikoa zatika erregulatuz. Zuhaitzak dauden aldeko espaloia eta bidegorria itxita egongo dira, eta bertatik ibiltzen diren oinezko eta txirrindulariak beste espaloitik bideratuko dira
Kenduko diren zuhaitzak beste batzuek ordezkatuko dituzte, ezkiak eta astigarrak landatuko dira, hain zuzen.
Arloa edo saila