Tigre-eltxoari aurre egiteko prebentzio-neurriak hartzeko ohartarazpena egin du Eusko Jaurlaritzak

Or, 2025-08-01 14:26

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak jakinarazi duenez, uztailaren 24an, astelehenean, chikungunya kasu baten detekzioa jakinarazi zen Donostian. Bidaiarik egin ez duenez eta Hendaian egon zen bitartean ziztadak izan zituenez, transmisio autoktonoa izan den aztertzen ari dira. Gainera, eremu berean beste bi chikungunya kasu egon daitezke.

Bidasoa Osasun Eskualdeko udalerrietatik gertu dagoenez (Irun, Hondarribia, Donostia, Lezo, Pasaia, Oiartzun, Errenteria); bertako biztanleen ohiko mugikortasuna kontuan hartuta, eta zonaldean aurreikusitako jaiegunei eta ekitaldiei gehituta, zentzuzkoa da gaixotasun-transmisio arriskua gure lurraldera zabaldu ahal izatea.

Hala ere, Osasun Sailak azpimarratu du “egoera horrek ez duela alarmarik sortu behar, baina tigre-eltxoa zaintzeko eta kontrolatzeko prebentzio neurriak indartu behar direla”.

Horretarako hainbat gomendio zabaldu ditu Osasun Sailak.

Nola identifikatu tigre-eltxoa?

Eltxo beltz eta txikia da, 6-9 mm luze. Kolore zuriko lerro bat du buruaren eta toraxaren atzealdean. Hankak beltzak ditu, orban zuriekin, zebra-itxura ematen diotenak. Batez ere egunez izaten da aktibo, eltxo natiboak ez bezala.

Nola saihestu eltxoaren ziztada?

Eltxo tigreak egunez daude aktibo eta, beraz, normalean egunez ziztatzen dute, eltxo autoktonoek ez bezala; azken hauek gauez ziztatzen dute. Gainera, behin baino gehiagotan jarraian ziztatzen dute. Hori saihesteko, hau egin daiteke:

  • Mahuka luzeko arropa, praka luzeak eta oinetako itxiak janztea.
  • Baimendutako uxatzaileak erabiltzea, adibidez DEET, IR3535 edo picaridina (fabrikatzailearen gomendioei jarraitu behar zaie, eta saihestu egin behar da ukitzea muki-mintzak, betazalak, ezpainak, zauriak, larruazal sentikorra edo errea)
  • Umeen eta emakume haurdunen kasuan, neurri fisikoak lehenetsi behar dira.

Zer egin ziztatzen bagaitu?

  • Garbitu ondo ziztadaren eremua urarekin eta xaboiarekin.
  • Ez da hazka egin behar infektatu ez dadin.
  • Hotza aplikatu inflamazioa geldiarazteko eta azkura arintzeko.

Batzuetan biziagoak izan daitezke erreakzioak, eta beharrezkoa izan daiteke osasun-arloko profesional bati kontsultatzea.

Zer egin dezaket zabaldu ez dadin?

Eltxo tigreen presentzia eragozteko modurik eraginkorrena hazkuntza-foku posibleak kentzea da. Horregatik, saihestu egin behar dira ur-metaketak etxean, honako gomendio hauek kontuan hartuta:

  • Hustu, astean behin, ura metatzen duten kanpoko ontziak: lorontzien platerak, pitxerrak, kuboak, jostailuak, plastikozko igerilekuak, etab.
  • Berritu, 2 edo 3 egunean behin, maskoten edontzietako ura.
  • Bota ura hustubideetan, gutxienez astean behin, geldialdia saihesteko.
  • Urbanizazioetan, familia bakarreko etxeetan etab. saihestu ur-pilaketak drainatze-uretan (kainu-zuloak eta estoldak) eta teilatu-hodietan.
  • Gure etxeetan eltxoa sartzea oztopatzeko, erabili eltxo-sareak leihoetan, ateetan eta beste irekidura batzuetan.
  • Eltxo tigreek jaio diren tokitik metro batzuetara baino ez dute hegan egiten. Etxean ziztatzen bazaituzte, litekeena da haztegi bat hurbil izatea.

Herritarrei transmisio-arriskua minimizatzeko eta osasun publikoa babesteko neurriak hartzera gonbidatzen ditu Lezoko Udalak.

Tigre eltxoari buruzko informazio gehiago aurki daiteke Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren webgunean.

Arloa edo saila