BTT Gaztea Topaketa, igandean Lezon

Al, 2024-01-22 16:53

Oarsoaldeako Txirrindulari Elkarteak eta Lezokoak (Lezoko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Elkarteak), Lezoko Udalaren laguntzarekin, Lezo BTT Gaztea topaketa antolatuko dute asteburuan (mendi bizikletekin).

2009tik 2013ra jaiotakoentzat zuzendua dagoen ekimena da eta txirrindulari klubetako partaideak bertan izango dira.

Hala, urtarrilaren 28an, 10:00etan, Karlos Saldise plazan elkartuko dira. Bi talde egingo dira eta egitaraua ondorengoa izango da: Infantilak aterako dira lehenengo eta Guadalupera joan etorria egingo dute, 21 kilometroko ibilbidea izango da. Ez da lehiaketa izango, martxa gidatua baizik, elkarrekin paisaiaz eta kirolaz gozatu dezaten. OTXEko bolondresek errregulatuko dute ibilbidea.

Ondoren, alebinak irtengo dira eta ibilbide laburragoa egingo dute 11 kilometro ingurukoa.

Azkenik, Karlos Saldise plazan elkartuko dira txirrindulari guztiak berriro eta Lezokoak elkarteak baratxuri zopa eta txokolatada prestatuko die. Photocall-a ere jarriko dute lagun artean argazkiak atera ahal izateko.

Txirrindularitza klubetan parte hartzen ez duten haurrek ere topaketan lekua izango dute (2009-2011 urteetan jaiotakoak badira). Horretarako, izen emateak egun berean irekiko dira, plazan bertan 09:00etatik-10:00etara. Parte hartzea doakoa izango da eta asegurua izango dute partehartzaile guztiek.

Lezoko Udalak topaketa hau ikustera gonbidatzen ditu herritarrak.

Arloa edo saila