Tipi-Topa ekimenaren boluntarioentzat bazkaria antolatu zuen udalak

Or, 2022-06-10 12:06

Beraien lana eskertu nahi da urtero bezala.

Atzo, Tipi-Topa ekimena bere bi azken asteetan murgildu delarik  (ekainaren 23an egingo dute azken irteera), ekimenean parte hartzen duten boluntarioei bazkari batera gonbita luzatu zien Lezoko Udalak, beraien asteroko lana txalotzekoa baita.

Bazkaria, herriko Ixkulin elkartean egin zen, giro paregabean eta gorputza pixka muittu ostean.

Bertan, Irlentz Ortega (Kirol zinegotzia), Maddi Marquet (KOZ arduraduna) eta Arkaitz Angiozar (Kirol teknikaria) izan ziren. Jesus Mari Martiarena Alkatearen bisita ere jaso zuten eta,  udalaren izenean, eginiko lanarengatik eskerrak eman zizkien.

Tipi-Topa udara ostean bueltatuko da irailaren 22an eta betiko helburuarekin:  Zahartze aktiboa sustatzea. 60 urtetik gorako herritarrei zuzendutako irteerak dira (edozein adineko pertsonek parte har dezaketelarik), adineko pertsonek ariketa fisikoa egin dezaten eta taldean denbora tarte bat partekatu, “TOPA”ri garrantzi handia ematen baitzaio. Egitasmo honen bitartez adinekoen ongizate fisiko eta mentala hobetzea eta zaintzea lortu nahi da. Parte hartzeko nahikoa da udaletxe aurrean agertzea, ostegunetan, 10:45ean ibilbide luzea egiteko eta 11:00etan ibilbide laburragoa egiteko.

Ibilbideak seguruak dira eta ondo egokituta daude ibiltzeko zailtasunak dituzten herritarrentzat. Horrez gain, partehartzaileek boluntario ezberdinen laguntza jasotzen dute ibilbide osoan zehar. Beraz, ariketa fisikoa egiteko aukera izatetik haratago, esan bezala, lagun artean paseo atsegina egiteko aukera ere eskaintzen du Tipi Topak.

Arloa edo saila