Lezoko Udalak gaur goizean aurkeztu du 2025eko irailetik abendura bitarteko kultur agenda. Jon Legorburu kultur zinegotzia eta Ainhoa Salaberria kultur teknikariak datozen hilabeteetan herrian izango diren jarduera nagusien xehetasunak azaldu dituzte.
Agendak eskaintza zabala jasotzen du, publiko eta adin guztietara zuzendua. Haur antzerkia, zinema, dantza, musika emanaldiak, ipuin kontaketa, literatura solasaldiak eta ekitaldi bereziak izango dira datozen lau hilabeteetan. Legorbururen hitzetan, «programazio honek Lezoko kultur bizitza indartu nahi du, herritarrei aukera emanez herrian bertan kalitatezko eskaintzaz gozatzeko».
Ainhoa Salaberria kultur teknikariak azaldu duenez, azken urteetako joerari jarraiki, herritar guztientzat ikuskizunak biltzen ditu egitarauak, «haurrentzat zein helduentzat, eta formatu ezberdinen bidez guztion interesak ase nahi ditugu». Irailetik abendura bitarte 47 ekitaldi antolatu dituzte, arte eta kultur adierazpen mota askotakoak izango dira.
Jarduera nabarmenen artean hurrengo hilabeteetan Gezalak hartuko dituen ekintzak izango dira. Haur antzerkia, Haur Zinema eta Zinema familian bai eta igandeetako antzerki zein dantza ikuskizunak mantendu egingo dira, obra anitz eta oso interesgarriak egongo dira irailetik abendura bitartean.
Tomas Garbizu Musika Eskolak antolatutako musika emanaldiak ere egitarauaren alde garrantzitsua dira eta aurten formatu eta izaera anitzeko ekintzak prestatu dituzte. Gainera, literaturak ere izango du bere lekua eta ez soilik helduentzat; izan ere, literatur solasaldiek martxan jarraituko dute Udal liburutegian, baina gaztetxoenentzat ere ipuin kontaketak egongo dira udazkenean.
Horrez gain, egitasmo bereziak ere egongo dira. Lezon udazkeneko kultura programazioaren barruan biltzen diren egitasmoak dira, baina bere horretan ere nabarmentzen direnak:
- Antzerki Testu Laburren Lehiaketaren III. Irakurketa Dramatizatuen Partida. Urriaren 4ean ospatuko da, Lezo Herri Eskolako patioan. 6 testu finalisten irakurketa dramatizatua egingo dute eta publikoak aukeratuko du zein izango den edizio honetako irabazlea. Urtero zita berezia izaten da eta aurten ere, Partidaz gain, hainbat ekintzekin borobilduko dute eguneko egitaraua. Laster aurkeztuko dute informazio guztia Lezoko Udalak eta Hika Teatroak.
- Poesia Kaiaren bostgarren edizioa. Azaroaren 6an eta 8an poesiak hartuko du Lezo: ‘Mugako Poetika’ solasaldi poetikoa izango da ostegunean, arratsaldeko 19:00etan Kultur Aretoan eta, larunbatean 19:00etan Gezala Auditoriumean Poesia Errezitaldia izango da.
- Antzerki Ametsetan topaketa. Bigarren urtez, Lezon antzerki konpainia amateurren topaketa izango da urriaren 18an, 25ean eta 26an. Euskal antzerki konpainia amateurren antzezlanak ikusteko aukera izango da egun horietan.
Beraz, kulturaz beteta egongo da udazkena ere Lezon, disziplina, formatu, talde eta ekitaldi askoz osatutako egitaraua prestatu baitu aurten ere Lezoko Udalak. Programaren liburuxka ikusgarri dago Lezoko Udaleko webgunean (www.lezo.eus), agendan, eta etxeetara datozen egunetan iritsiko dira.
Ekitaldi gehienetarako sarrerak eta gonbidapenak ere dagoeneko eskuragarri daude, ohiko lekuetan: www.sarrerak.lezo.eus webgunean, Lezoko Udaleko Kultura eta Euskara sailean (Donibane Kalea, 2) edota ekitaldien momentuan, lehiatilean.
Besteak beste, Antzerki Ametsetan topaketarako sarrerak oraindik ez daude eskuragarri, baina Lezoko Udalak laster jakinaraziko du noiz eta nola eskuratu ahal izango diren.
Azkenik, Jon Legorburu kultur zinegotziak lezoarrak gonbidatu ditu egitarauko ekintzetara joatera, kulturaz gozatzera eta gustuko antzezlanak babestera. Bide batez, Gezala Lagun Txartela egitera animatu nahi izan ditu herritarrak, izan ere, txartelarekin Lezoko Kultur ekitaldietarako abantailak eta deskontuak izan ditzakete interesdunek.