Lezoarrek duten iritzia jakin nahi du Lezoko Udalak

Ar, 2023-11-07 15:24

Azaroaren 13tik aurrera inkestak egingo dira herritarren iritziak jasotzeko.

Lezoko Udal Gobernuak hauteskunde-kanpainan agindu zuen bezala, herritarren kezkak, zalantzak eta desioak entzun nahi ditu, etorkizuneko erabakietan kontuan hartzeko. Mikel Arruti, Lezoko alkatearen hitzetan: “herria denok osatzen dugu eta eragileen eta herritarren iritziak kontuan izan nahi ditugu etorkizuneko erabakiak adostuak eta  egokienak izan daitezen”.

“Horretarako, herritarren artean inkesta zabala egingo dugu. Gehienak telefono bidez jasoko dira eta bizilagunei herriaz orokorrean, Udalaren kudeaketaz eta hurrengo urteetara begirako proiektuez galdetuko diegu. Lan hau egiteko Aztiker ikerketa gunearen laguntza izango dugu” adierazi du Iker Salaberriak, Parte-hartze zinegotziak.

Inkestak azaroaren 13an hasi eta abenduan amaituko dira. Herritar guztien lagin adierazgarria izan dadin,   360 herritarren iritziak jasotzea aurreikusten da. “Deia jaso ezkero, asko eskertuko genuke herriko bizilagunek erantzuteko tartetxo bat hartzea; 10 minutu inguru iraungo duten elkarrizketak izango dira, eta jasotako informazioa oso baliagarria izango zaigu”, amaitu du Lezoko alkateak.

Inkestak legegintzaldi hasieran eta amaieran errepikatuko dira, iritzi horien bilakaera aztertzeko.