LEZOKO MEMORIA BERRESKURATZEN

Ar, 2024-04-09 18:22

Ostegun honetan Gezalan aurkeztuko da Lezoko historiako pasarte ilunenetako baten berri jarri jasotzen duen liburua.

Gerra amaitu berritan Lezoko herria berriro militarrez eta esklabotza baldintzetan lan egitera behartutako gatibuz nola bete zen kontatzen du liburu honek.

1939 eta 1942 urteen arteko gertakizunak ditu oinarri liburuak. Urte horietan, gerran garaitutako ehunka preso Jaizkibelgo errepideak eta Gaintxurizketako bunkerrak eraikitzera ekarri zituzten Lezora.

Hiru urte eta erdiz, Lezoko kanpamentuetan, 5.000 gatibu baino gehiago behartu zituzten lan horiek esklabotza baldintzetan egitera.

Liburu honek errepresaliatu haiekiko galdutako memoria berreskuratu nahi du. Haietako batzuen historiak berreskuratu eta, lezoar batzuengandik, batez ere emakumeengandik jasotako laguntzaren isla izan nahi du.

Izan ere, hain urrunekoa dirudien kontakizunak arrastoak eta ondorioak utzi baitzituen ondorengo belaunaldien artean ere. Beraz, memoria berreskuratu, gaur egungoa ulertzeko, eta etorkizun hobea eraikitzeko.

Liburu hau ontzen,  eta memoria berreskuratzeko bidean egiten ari diren lanarengatik eta ekarpenarengatik Udaletik aitortza eta esker ona adierazi nahi zaio Etxetxo elkarteari, eta bereziki, liburuaren egile Miguel Angel Barcenillari.

Azkenik, jakinarazi nahi da, osteguneko liburuaren aurkezpen-ekitaldirako aretoa bete dela jada. Poztekoa iruditzen zaigu, beraz, gaiak sortu duen interesa. Inork liburua eskuratu nahiko balu, Kultura Aretoan salgai izango da.