Lezoko parke-sarea eraberritzeko azterketa hasiko du udalak

Og, 2023-11-02 19:48

Hiritik at! kooperatibaren laguntzarekin egingo da azterketa eta herriko eragile, guraso eta haurren ahotsak kontuan hartuko dira.

Lezoko Udalak parke-sarea eraberritzeko azterketa hasiko du. Gaiaren berri emateko, prentsaurrekoa antolatu da gaur goizean. Bertan, Iker Salaberria eta Aitzol Saizar (Aisialdi zinegotzia) eta Ainhoa Retegi (Hiritik at! kooperatibako langilea) izan dira.

Iker Salaberriaren hitzetan: “EH Bilduk herri programa lantzeko unean parkeena landu beharreko gai gisa jo genuen. Horretarako hitzaldiak–eta antolatu genituen gaiaren inguruan, eta orain gobernuan gaudela, konpromiso horri erantzungo diogu parkeen egoera aztertuz”.

“Hainbat gurasoen kezka ere jaso dugu parkeen inguruan, eta argi dugu landu beharreko gaia dela, bai parkeen mantenuaren zein diseinuaren gainean gogoeta egiteko. Guretzako garrantzitsua da Lezo haur eta gaztetxoentzat leku erosoa izatea, euren bizitza garatzeko espazio egokiak eskaintzea ezin bestekoa da, eta zentzu horretan, aisialdirako eta jolaserako espazioek garrantzi berezia dute”.

Zinegotziak gaineratu du “haurren aisialdirako eremu horiek familien topaleku eta belaunaldi ezberdinen elkargune ere dira. Espazio horiek lezoarrak beren artean ezagutu eta euren arteko harremanak lantzeko guneak  dira; hortaz, funtzio garrantzitsua betetzen dute ikuspegi pedagogiko eta sozial batetik”.

Proiektuaren bidez gaur egun udalerrian diren parkeen egoera aztertzeaz gain, beste zenbait espazio naturalen azterketa ere egingo da lanketa horretan, “aisialdirako eremu interesgarriak izan daitezke” esan du Salaberriak. Ondorengoak dira espazio natural horiek: Pisbeko baratz ingurunea, Xoxolur eremua eta Zubitxo errekaren eremua.

Lanean hasteko, udala Oinherrirekin (herri hezitzaileen sarea sustatzen duen elkartearekin) jarri zen harremanetan eta beraien bidez Hiritik At! Kooperatibara iritsi zen. “Beraiengana jo genuen parke eta aisialdi eremuen azterketa parte hartzaile bat egin nahi genuela esanez. Izan ere, erabiltzaile izango direnekin partekatzea azterketa eta beraiek izatea protagonista ezinbestekoa iruditzen baitzaigu. Proposamen bat egin digute, hirigintzan eta espazioen antolaketan adituak izanik, interesgarria izan da jaso dugun proposamena, eta gai honi eman dioten begiratua” gaineratu du Iker Salaberriak.

Hiritik At kooperatibak herri hezitzaileak antolatu eta planifikatu egiten ditu. Horiek sortzeko beharra jarri du mahai gainean Ainhoa Retegik “azken finean haur batentzat egokia den herri bat planifikatzen badugu, hein handi batean guztientzat egokia den herria planifikatzen ari gara, atsegina eta erabilgarria den herri bat sortzen. Azkenean haur bat badelako subjektu zaurgarrienetarako bat eta hortaz, beretzat egokiena dena, guztiontzat izango da egokia. Inklusibitate kontzeptua hainbeste aipatzen den garaietan balio hori ere txerta dezagun hirigintzan ere”.

Haurren sozializatzeko lehen tokia eskola izaten da eta ondoren parkeak. Berebiziko garrantzia eta eragina du espazioak eta hura nola diseinatua dagoen haurren artean emango diren harremanetan eta sozializatzeko moduetan. Jolasa modu batekoa edo bestekoa izango da baldin espazioa nolakoa den. Autonomia garatzeko espazioaren diseinuaren arabera ezberdina izango da. Goazen beraz irizpide hauei denei tokia egitera, eta haurrei ahotsa ematera, beraiek direlako espazio horietako protagonistak”.

Parte hartze prozesua herrian

“Hastera goazen den prozesu honetan haurrei ahotsa emango zaie, eta herriko espazioak izanik, zaintza ikuspegia dutenei (gurasoak, aiton-amonak…) ere zabalduko diegu atea prozesuan parte har dezaten, espazio horien gaineko informazio asko baitute” gaineratu du Retegik. Horiekin batera herriko eragile eta talde ezberdinak, udal teknikariak, eta udal ordezkariak ere arituko dira prozesuan.

Lehen pausoa aurre lanketa egitea izango da. Espazioak ezagutu eta behaketak egingo dira espazio bakoitzaren erabilera zein den ikusteko eta dokumentazioa jasoko da. Bilerak ere egingo dira parte hartze prozesuan ariko diren udal langile, zinegotzi eta eragile ezberdinekin.

Bigarren fasean diagnostikoaren txanda helduko da. Retegik azaldu duenaren arabera, “hemen ahotsa emango diegu haurrei. Diagnostikoaren helburua  izango da parkeen erabilera ezagutzea eta orohar haurrek zein behar dituzten. Horretarako haurrekin lanketa egingo da ikastetxe eta ludotekaren bidez”. Haur ahalik gehienengana heltzea da helburua (3 eta 12 urte artekoak izango dira).

Zaintza komunitatearen ahotsa ere jaso nahi da, eta online galdetegi bat betetzeko aukera zabalduko da horri begira, “horien ekarpena eta iritzia jasotzeko”. Diagnosiaren fasea itxiko da orduan.

Behin informazio hori guztia jasota, guztien artean pentsatuko da espazio bakoitzari zein izaera eman nahi zaion, “beti ere herri hezitzaileen ikuspegitik” esan du Retegik. Horretarako ibilbide sortzaileak antolatuko dira herrian barrena haurrekin, proposamenak osatzeko.

Bulego lana helduko da ondoren, txostena osatzeko: “Horrek ekintza plana emango digu. Orain hasita, udaberrian amaitzea aurreikusi dugu, martxoa-apirila arte arituko gara lanean” amaitu du Retegik.

Amaitzeko, Iker Salaberriak aipatu du “gonbidapena zabaltzen dugu prozesu honetan parte hartu nahi duen orok bat egin dezan prozesuarekin. Guztientzako prozesu interesgarria izango dela uste dugu, eta espero dugu emaitza polita izango dela. Aurrera begira aldaketak ekartzeko oinarri inportantea izango da”.

Proiektua agintaldiko ekintza izango da. Azterlana egin ondoren marraztuko da aurrera begirako bide-orria, eta bertan zehaztuko dira hurrengo urratsak zein horiek gauzatzeko egin beharreko inbertsioak.