'Herri, harro, irri', artea eta herria larunbat honetan Lezon

Og, 2026-06-18 10:59

Larunbatean, ekainaren 20an, 22:00etan Gurutze Santuaren plazan, 'Herri Harro Irri' ikuskizuna eskainiko dute Tomas Garbizu Musika Eskolako kideek, herriko beste talde batzuekin eta gonbidatu bereziekin batera.

Herriko kulturaren eta emozioaren erdigune bihurtuko dute plaza ‘Herri Harro Irri’ ikuskizunarekin, mota guztietako disziplinen artean osatutako emanaldia izango baita, herriko elkarte- eta kultura-sare bizia islatuz. Ikuskizunak herriko hainbat talderen eta gonbidatu berezien parte-hartzea izango du: Murixka Dantza Taldeak, Zubitxo Dantza Taldeak, Aitona-Amonen Bordako Dantza Taldeak, TGLUMEko Trikitixa Taldeak, Talde Instrumentalak, Talde Koralak eta Sutargi Abesbatzak, Enara Artola dantzariak, Iker Domingo, Mariana eta Hanna Ponochevna abeslariek eta Txalaparta Taldeak hartuko dute parte. 

Herria elkartu egin da ‘Herri Harro Irri’ ikuskizunari bizitza emateko, izan ere, lezoarrengandik jaiotako proiektua da eta larunbat gauean parte hartu duten pertsona guztien lan eskerga, ahalegina eta ilusio itzelari esker herritar guztiek gozatu ahal izango dute ikuskizun irekiaz. Antolatzaileen arabera "parte-hartzaileek denbora asko daramate ikuskizuna prestatzen ikusleei gau-aldi paregabe bat eskaintzeko helburuarekin. Artez, ilusioz eta herriko sustraiez beteriko emanaldia izango da, tradizioa, musika eta herria uztartzen dituen mosaiko artistiko bat".

Antolatzaileek dei egin diete herritarrei, bisitariei eta kulturazaleei Gurutze Santuaren plaza betetzera eta artista guztiei babesa ematera hain berezia izango den gau honetan.