LESOINUK 5 EKITALDI EKARRIKO DITU ASTE HONETAN LEZORA

Al, 2026-03-23 12:35

Aste honetan zehar XL. Lesoinuren hainbat ekitaldi izango dira Lezon. 

XL. Lesoinu ziklo musikalak egitarau oparoa du. Otsailaren 27an hasi zen eta aurrera doa egitaraua. Aste honetan berriro musikaz gozatzeko aukera ezberdinak izango dira herrian, bost ekitaldi antolatu dituzte zehazki.

Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, baina aste honetan soilik ikasleei zuzendutako ekitaldiak izango dira nagusi. Kontzertu didaktikoak eta ipuin musikalak baliatuko dituzte Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolako ikasleek egiten duten lana Lezoko gaztetxoenei erakusteko. Gainera, Aitor Amezaga musikari profesionalaren eskutik, Musika eta Zinema ikastaroa jasoko dute TGLUMEko musika-informatikako ikasleek.

Hala ere, herritar guztientzat musika modu ezberdinetan gozatzeko ekitaldiak ez dira falta Lesoinuren egitarauan eta igandean Laudioko ArteOn Gazte Abesbatzaren emanaldia izango da Gezala Auditoriumean. One Musikala ekarriko dute Lezora, istorio original bat, musikaz, dantzaz eta antzezpenez kontatuko dutena. 

 

Aste honetako egitaraua:

KONTZERTU DIDAKTIKOA - Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolako instrumentu ikasleen eskutik. Martxoak 24, asteartea, 10:30ean, Gezala Auditoriumean.

Musika eskolako ikasleek praktika instrumentalaren bidez formazio integrala dute, sentsibilitatearen, sormenaren eta adierazpen gaitasunaren garapena lantzen dute. Helburu nagusia musika tresna modu natural eta kontzientean jo dezaten da, musika adierazpen pertsonalerako eta arte-komunikaziorako baliabide izan dadin eurentzat. 

Entzunaldiak, kontzertuak eta talde.jarduerak hezkuntza-prozesuaren funtsezko zati dira. Esperientzia horiek aukera ematen diete ikasleei euren bilakaera erakusteko, agertokian konfiantza irabazteko eta egunez egun egindako lanari balioa emateko, betiere giro motibagarrian, hurbilean eta maila bakoitzera egokituta. 

MUSIKA ETA ZINEMA - Aitor Amezagaren eskutik. Martxoak 25, asteazkena, 18:00etan, Tomas Garbizu Musika Eskolan.

Aitor Amezaga bilbotarrak ibilbide luzea du musika eta ikus-entzunezkoetan. Amezagak moldatzaile, grabazio musikari, konpositore eta irakasle lanak egin ditu, besteak beste. 80 disko baino gehiagotan hartu du parte, ikus-entzunezko komunikabideetarako musika sortu du eta film luzeetarako sortutako soinu banden 6 disko kaleratu ditu. 

Ikastaro honetan, musika-informatikako ikasleek profesional baten eskutik musika egiteko modu berriak ezagutuko dituzte. Musika zineman, komunikazioan eta beste arte espresio moduetan nola uztartzen den ikasteko aukera izango dute, eta musikaren produkzioaren inguruan aukera-lehio berriak ezagutuko dituzte.

KONTZERTU DIDAKTIKOA - Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolako ikasleen eskutik. Martxoak 26, osteguna, 10:30ean, Gezala Auditoriumean.

Jarduera hau 6-7 urteko gazteei zuzenduta dago, haien adinari egokitutako ikuspegi pedagogiko zehatzen bidez garatutako kontzertua izango da. Ikaskuntza musika-ipuinen inguruan garatzen dute, irudimena piztu eta ikasleen adierazpen-, musika- eta mugimen-gaitasunak indartzeko haria dira. 

Kontzertu didaktikoaren bidez, haurrak musikara modu ludiko eta parte-hartzailean hurbiltzen dira eta hainbat instrumentu ezagutu, musika euren garapenean integratu eta modu naturalean artearekin harremantzen hasten dira, betiere gozamenetik eta motibaziotik abiatuta. 

IPUIN MUSIKALA: LEZOKO MUSIKARIAK - Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolako taldeen eskutik. Martxoak 27, ostirala, 10:30ean, Gezala Auditoriumean. 

Jarduera hau 6-7 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, helburua haien adierazpen-, musika- eta mugimen-gaitasunak aurkitzea eta garatzea da.

TGLUMEko ikasleek osatutako taldeen ikuskizuna izango da. Taldeko prestakuntzari eta musikari lotutako esperientziak garatuko dituzte. Tarte horretan, ikasleek hainbat tresnarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute.

ONE MUSIKALA - ArteOn Laudioko Gazte Abesbatzaren eskutik. Martxoak 28, igandea, 19:00etan, Gezala Auditoriumean.

Laudioko Gazte Abesbatza 2013an jaio zen Imanol Ganboaren zuzendaritzapean. 10 urte baino gehiagoz hainbat herritan eskaini dituzte kontzertuak. Gainera, hainbat ekitaldi solidario eta artistikotan hartu dute parte, musika laguntzeko eta komunitatearekin balioak partekatzeko tresna gisa aldarrikatuz.

Abesbatzaren proiektu berezienetako bat ONE musikala izan da. Istorio original bat kantuaren, dantzaren eta antzezpenaren bitartez kontatzen dute. 

Arloa edo saila