Anfibio eta narrastien kontserbazioaren aldeko ekintzak

Proiektuaren zergatia

Egun Lezoko udal-lurretan dauden anfibio eta narrastien banaketa eta kontserbazio egoeraren inguruko informazioa oso mugatua da.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia sailak aurrez burututako laginketek adierazitakoaren arabera, anfibio komunitatea gehienbat jatorri europarreko espeziez osatuta dago, besteak beste, uhandre palmatua (Lissotriton helveticus), txantxiku arrunta (Alytes obstetricans), apo arrunta (Bufo spinosus) eta ur-igel arrunta (Pelophylax perezi).

Ur igel arrunta

Anfibioen kontserbazioarako ezinbestekoak dira hezegune eta ur eremuak egotea, baina Lezoko udal-lurretan baita Jaizkibeleko inguruan ere oso hezegune gutxi daude, izan ere, lurzorua oso iragazkorra da. Hori dela eta, proiektu honen bidez hezegune txiki bat berreskuratuko da eta horren bitartez, anfibio espezieak ugaltzeaz gain beste animalia eta landare espezieen biziraupenerako kondizioak bermatuko dira, lekuko bioaniztasuna mantenduz.

Narrastiei dagokionean, babestutako espezieen artean garrantzitsuena Schreibermuskerra(Lacerta schreiberi) dugu. Bere egoera, gaur egun, nahikoa ezezaguna da, baina Jaizkibeleko Babes Bereziko Eremuaren kudeaketa planean babes bereziko espeziea bezala dago izendatua, eta hainbat neurri jasotzen dira bere onurarako direnak.

Schreiber muskerra

Lezon Shcreiber muskerrarentzat egokiak diren hainbat inguru topa daitezke, eta horiek aztertuko dira espezie horren bila.

Proiektuaren helburuak

  1. Lezoko anfibioen populazioa handitu eta sendotu: horretarako anfibioen ugalketara bereziki egokitutako putzu bat moldatzea proposatzen da. Horri esker, Lezoko anfibioen populazioa indartuko da, beste ugalketa leku bat baliatuz.
  2. Anfibio eta narrastietan nekazaritza mota desberdinen eragina aztertu: Putzu berria proposatzen den eremuan nekazaritza ekologikoan lantzen diren herri baratzak daude. Bertan topatuko diren anfibioak, 2011. urtetik hona Aranzadi Zientzia Elkartea egiten ari den azterketaren barnean sartuko dira, laginketa puntu berritzat kontsideratuko delarik.
  3. Lezoko udalerrian anfibio eta narrastien populazioren ezagupenean sakontzea: Atariko ikerketa herpetologiko bat gauzatzea, bildutako erregistro berriez gain hezeguneen berreskurapena eta sorrerarako egokiak izan daitezkeen lekuak proposamenean barneratuko baitira. Bereziki aztertuko da Schreibermuskerrarenpresentzia.
  4. Ibar-basoaren berreskurapena bultzatu: Olatzar errekan aurretik egindako lanei jarraipena ematea da ekimen honen beste helburuetako bat, ibai ertza eta bertako landaretza berreskuratuz.
  5. Udalerriko anfibio eta narrastien kontserbazioaren garrantziaz, eta bioaniztasunarena orokorrean, herritarrak sentsibilizatu.

Ekintzak

  1. Habitatak berreskuratzeko ekintzak Olatzar errekaren ertzean: Anfibioentzako aproposak diren habitatak egokitzeko ekintzak jasotzen dira hemen, bide batez, degradatua dagoen eremu bat berreskuratuz. Alde batetik, urmael bat egokituko da gaur egun metalezko txabola dagoen eremu batean, eta, bestetik, erreka bazterreko landaretza berreskuratuko da egun hondakin pilaketa eta atzerriko espezieak dauden lekuan
  2. Inbentario herpetologikoa, anfibioen ikerketa eta putzu berrien eraketarako proposamena: Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) Pasai Donibane, Hondarribia eta Lezoko udal-lurrez osatuta dago. 2012. urteko azaroan, urte berean Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologoek hasitako inbentario herpetologikoaren lehenengo emaitzak aditzera eman ziren (Gosá et al., 2012), Lezon ospatutako sinposioan, hain zuzen. Inbentario horren laginketen parte handiena Pasaia eta Hondarribiako udalerrietara mugatu zen, hori dela eta 2013-2014 urteetan Lezon osatuko da inbentario lana, eta datuak eguneratzeko aukera bikaina izan daiteke.
  3. Komunikazioa eta dibulgazio ekintzak: Egindako lana herritarrei jakite eramateko, komunikabide eta web atalaz gain, hurrengo ekintzak ere burutuko dira:
  • Lezoko anfibio eta narrastiei buruzko panela. Dibulgaziozko panel bat landuko da egindako ekintza eta helburu nagusiak adieraziz
  • Anfibioentzako egokitutako putzura bisitak eta auzolan ekintza. Bisitak antolatuko dira herriko ikastetxeekin eta herri baratzeetako erabiltzaileekin. Olatzar errekaren erriberan egin beharreko landaketa lanak auzolanean egitea proposatzen da, Zuhaitz Egunarekin bat eginez.
  • Hitzaldia: Herritarrei proiektuaren helburuak eta ezarritako adierazleak bete diren edo ez azalduko da, 2015eko udazkenean.

Proiektuaren datuak

Lezoko Udala eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia sailak bultzatutako proiektua da, guztira 23.978,85 eurotakoa da (BEZa gabe)

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren laguntza lortu du (EHAA, 2013ko uztailaren 8koa), guztira 14.859,54 euro, aurrekontuaren %62a, hain zuzen ere.