Hasi da atez ateko sistema abiatzeko fasea

Or, 2013-03-22 16:04

Aste honetan hasi dira udal langileak zintzilikatzekoak jartzen eta 92 familiak ere hartu dute parte lehen autokonposta ikastaroetan. 

Atez ateko hondakinen gaikako bilketa sistemarekin hasi aurretiko azken faseari ekin zaio aste honetan. Udal langileak hasi dira kalean zintzilikatzekoak jartzen eta laster ekarpen eta larrialdi guneko lanei ekingo diote. Etxe konposta bultzatzeko kanpaina ere ezin hobeto hasi da: ia 100 familiak hartu dute parte.

Etxe konposta bultzatzeko kanpaina

Etxeko konposta atez ateko bilketa sistemaren zutabe garrantzitsuenetariko bat izanik, Udalak antolaturiko bi hilabetetako parte hartze prozesuan behin eta berriz hitz egin zen herritarrek beren hondakin organikoa kudeatzeko aukerari buruz. Udalak etxean konposta egin nahi zuten herritarrei ahalik eta erraztasun gehien emateko konpromisoa agertu zuen. Doako ikastaroen ostean, konposta-kaxak banatuko dira eta udal aholkularitza teknikoa eskainiko zaie etxean konpostatzeari ekiten dieten herritarrei.

Autokonposta egiten ikasteko ikastaroetan izen emateko epea martxoaren 15era bitarte zabalik egon ostean, 92 familiak hartu dute parte pasa den asteazken eta ostegunean egindako ikastaroetan.

Irati Aranburu atez ateko informazio bulegoko hezitzaileak adierazi duenez kanpainaren hasiera “arrakastatsua” izan da: “Lehenengo saioetan ia 100 familiak parte hartu dute; herritarrek hondakinen gaiarekin sentsibilizatuta dauden erakusle. Udaletik autokonpostatzearen aukera hobetsi eta herritar guztiei dei egiten diegu aurrerantzean egingo diren ikastaroetan ere parte hartu dezaten”. 

Izan ere, beren materia organikoa etxean bertan konpostatzen duten lezoarrek %40ko hobaria izango dute hondakinen tasan; Udalak ez baitu familia hauen hondakin organikoen bilketa eta tratamendu gastuak beregain hartu beharko.

Hitzaldia bertan behera

“Gure etorkizunerako birziklatze sistema egokienak” goiburu hartuta, Tianako (Herrialde Katalanak) Udalean PSCko ingurumen zinegotzia izandako Xabier Doñatek gaur iluntzean Lezon eskaini behar zuen hitzaldia bertan behera gelditu da.