Emakumeenganako indarkeria gehiagorik ez!

Az, 2013-06-05 12:14

Gaur elkarretaratzea egingo da arratsaldeko 19:30ean Errenteriako Niessen merkataritza-gunean

Joan den igandean, ekainaren 2an, Bilbon gizon batek emakume bat jipoitu zuen eta une honetan, koma egoeran jarraitzen du. Horrekin batera, atxilotutako gizonak beste emakume baten erailketa aitortu du eta Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gizonaren hainbat jabetzatan aurkitutako gorpuzkiak zenbat emakumerenak diren.

Gertakari larri hau dela eta, Oarsoaldeko Udalek, Errenteriako Berdintasunerako Kontseilu eta Pasaiako Berdintasun Mahaiarekin batera, bat egingo dugu Emakumeen Mundu Martxak egin duen deialdiarekin eta herritar guztiak deitu nahi ditugu Errenteriako Niessen merkataritza-gunean gaur 19:30ean egingo den elkarretaratzean parte hartzera.

Adierazi nahi dugu publikoki eta aho batez emakumeenganako indarkeriaren aurkako gure jarrera. Horrelako gertaerak ez ditugu onartzen gure gizartean eta horregatik, lanean jarraitu behar dugu, erakunde, elkarte eta herritarrak, emakumeak indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen.

Amaitzeko, Oarsoaldeko Udalek, Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak eta Pasaiko Emakumeen Mahaiak, emakume horien familiei gure elkartasuna adierazi nahi diegu. 

Emakumeenganako indarkeria gehiagorik ez!

Arloa edo saila