Autodefentsa ikastaroa emakumeentzat

Az, 2013-10-30 22:34

Doan izango da eta saioak azaroaren 9an, 16an eta 23an izango dira Lezoko kiroldegian

Azaroaren 25ean ospatzen den Emakumearen indarkeriaren aurkako eguna dela eta, Lezoko Udalak hainbat ekimen antolatuko ditu –data gerturatu ahala programazioaren berri emango dugu–, tartean, emakumeei zuzendutako autodefentsa ikastaroa.

Ikastaroa hiru saiotan egingo da Lezoko kiroldegian: azaroaren 9an, 16an eta 23an, 11:00etatik 13:00etara. Guztira sei orduko ikastaroa izango da, 16 urtetik gorakoentzat.

Ikastaroaren helburuak ondorengoak dira: defentsa pertsonalaren oinarrizko edukiak lantzea; autoestima eta autokonfidantza indartzea; erasoen aurrean eraginkorki erreakzionatzen ikastea eta arrisku egoerak saihesteko ohitura egokiak ikastea.

Ikastaroan hainbat teknika landuko dira:gorputzeko hainbat atalen erabilera, egoera zailetatik ihes egiteko teknikak edo-eta oinarrizko puntuen ikasketa.

Izen-emateko Lezoko kiroldegian eta Gizarte Zerbitzuetako bulegoan egin behar da. Plazak mugatuak dira, gehienez 14 pertsonek parte har dezakete, eta Lezoko emakumeek lehentasuna izango dute. Ikastaroa doakoa da.

Aterkien tailerra

Bestalde, Lezoko Gaxuxa Emakume taldeak sentsibilizazio tailerra antolatu du Emakumearen indarkeriaren aurkako egunaren harira. Aurrekoa bezala, ikastaroa doakoa izango da. Azaroaren 8an eta 15ean egingo da, 17:00etatik 20:00etara eta hemen ere plazak mugatuak dira, gehienez 20 emakume.

Sorkuntza artistikoa abiapuntu gisa hartuta, genero indarkeriaren inguruko gaien inguruan hitz egitea da tailerraren helburua. Azken emaitza lila koloreko aterki batean izango du isla, genero indarkeriaren aurkako lelo bat izango duena.

Ikastaroa Murgibeko Patricia Torresek emango du, eta izen ematea Gaxuxak taldeko egoitzan egin behar da. Ikastaroan behar den materiala Murgibek jarriko du.

Arloa edo saila