Kultura sailak hitzarmenak berritu ditu

Al, 2013-05-20 17:20

Hezikuntza Guraso Elkartearekin, Munttar Txistulari Elkartearekin, Murixka Dantza Taldearekin eta Orratx Antzerki Taldearekin sinatuko dira maiatzaren 21ean.

Hitzarmenak 21ean arratsaldean sinatuko dituzte, 18:30ean Udaleko Pleno Aretoan. Lezoko kultur esparruko lau elkarterekin sinatuko dituzte: Hezikuntza Guraso Elkartearekin, Munttar Txistulari Elkartearekin, Murixka Dantza Taldearekin eta Orratx Antzerki Taldearekin.

Hitzarmenarekin, Lezoko Udalak talde horiek herri ekimenean duten garrantziaren aitortza egiten du, eta nolabait, Lezoko kultur jardueran talde horiek urteetan landu duten ibilbidearen garrantzia azpimarratzen da.

Hitzarmenak hainbat betebehar dakartza. Elkarteek, urtean zehar hainbat ekimen egiteko konpromisoa hartzen dute. Udalak, bere aldetik, elkarteen jarduna diruz laguntzeko konpromisoa hartzen du, eta zenbait kasutan, bere jabetzakoak diren lokalak utziko dizkie aipatu elkarteei.

Lankidetzen artean zaharrena Orratx Antzerki Taldearekin daukatena da, 1999az geroztik berritzen joan direna. Murixka Dantza Taldearekin 2005ean hasi zuten, nahiz eta aurrez bai dirutan eta baita azpiegituretan laguntza eman. Hezikuntza Guraso Elkartearekin 2008an sinatu zuten lehengoa, eta Munttar Txistulari Taldearekin estreinakoz sinatuko dute.

Udaletik adierazi dutenez, egoera ekonomikoa “oso airosoa ez den arren, aspaldi hasitako bideari jarraipena” eman nahi diote. Helburua da “herriko elkarteak indartzea eta hauen biziraupena bermatuko dituzten oinarrizko baldintzak ziurtatzea”.

Arloa edo saila