Santakrutzetako festa egitaraua finkatuta

Al, 2013-07-08 11:33

Irailaren 13tik 16ra ospatuko dira eta Lezoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie festa egitaraua osatzen aritu diren eragile guztiei

Santakrutzetako behin betiko festa egitaraua finkatuta geratu zen joan den ekainaren 27ko Festa Batzordean. Joan den maiatzaz geroztik Udal ordezkariak eta herriko eragileak aritu dira irailaren 13tik 16ra ospatuko diren jaietako egitaraua osatzen.

Momentuz ez dute egitarauaren berri eman nahi izan –festak gertura ahala prentsaurreko batean emango dute haren berri–, baina udal ordezkariek aurreratu dute “parte-hartzailea izango dela; herritarrekin egina eta herritarrekin gozatzeko egina”.

Esker ona

Maiatzaz geroztik egindako bileretan Lezoko hogei bat elkarte aritu dira udal ordezkariekin elkarlanean. Udaletik datu hori nabarmendu nahi izan dute, eta egitaraua guztien artean moldatu izana azpimarratu dute “herritarren parte-hartzea bermatzen duelako. Udalaren eta herritarren arteko elkarlana guztiz positiboa da; haien ekarpenari eta lanari esker egitaraua aberasgarriagoa osatzeko aukera izan dugulako”.

Zentzu horretan, Mikel Arruti Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak egitaraua osatzen aritu diren eragile guztiei esker ona adierazi die Lezoko Udalaren izenean.

Hauek dira Festa Batzordean aritu diren herriko elkarteak: Aiton Borda, Allerru Danborrada, Allerru-Jaizkibel Ehiza Elkartea, Allerru Pilota Taldea, Allerru Pilota Eskola, Altzate Auzo Elkartea, Arrantzaleen bazkaria, Gaxuxa Emakume Taldea, Haurtxo Haur Eskola, Herrira, Hezikuntza Elkartea, Ixkulin Elkartea, Lezoko Ernai, Lezo Institutua, Lezoko Euskal Dantzazaleak, Lezoko Oroitzene AEK, Lezokoak Elkartea, Murixka Dantza Taldea, Pasaia Lezo Lizeoko Gurasoak, Tiñelu Elkartea eta Trapujale Taldea.

Arloa edo saila