Irrimeria, familia giroan gozatzeko festa

Az, 2013-11-27 15:59

Oarsoaldeko Irrien Lagunak taldeak egun osoko egitaraua antolatu du iganderako

Oarsoaldeko Irrien Lagunak antolatuta, datorren igandean, abenduaren 1ean, Irrimeria izeneko festa-eguna izango da Lezon. Antolatzaileek egun osoko egitaraua aurkeztu dute famili giroan gozatzeko.

Ekitaldiak goizeko 11:30ean hasiko dira, ongi-etorriarekin. Herriko plazan oiloirrien aurkezpena, zanpantzarrak, Irrien Lagunen dantza eta bertsoak izango dira. Herriko plazatik Andreone liburutegira joango dira kalejiran, txupina botatzera. Ondoren, 12:00etan, entzierroa izango da Andreonetik plazara eta handik Txerrimuñora. 12:30ean, berriz, herrian zehar buruhandien eta erraldoien kalejira izango da herrian zehar.

Indarrak berritzeko, 13:30ean bazkaria izango da kiroldegian –norberak berea eraman behar du–. Eta bazkalostean Saldise plazak hartuko du festa-eguneko protagonismoa. 15:30etatik aurrera familia jolasak, erromeria eta txokolate-jana izango dira bertan.

Antolatzaileek lezoarrak animatu nahi dituzte festan parte hartzera eta Irrien Lagunak taldeko zapiak janztera. 

Arloa edo saila