Udalak herriko eragileekin elkarlanerako hitzarmenak sinatu ditu

Az, 2014-05-21 09:22

Bostekin sinatu du: Hezikuntza Guraso Elkartea, Munttar Txistulari Elkartea, Murixka Dantza Taldea, Orratx Antzerki Taldea eta Haurtxo Haurtzaindegiko Guraso Elkartea

Hitzarmenak atzo arratsaldean sinatu zituzten Udaleko Pleno Aretoan. Lezoko Udalaren izenean Mikel Arruti Kultura eta euskara zinegotzia eta Xanti Val Kultura teknikaria izan ziren sinadura ekitaldian. Lezoko kultur esparruan eragiten duten bost elkarterekin sinatu dituzte: Hezikuntza Guraso Elkartearekin, Munttar Txistulari Elkartearekin, Murixka Dantza Taldearekin, Orratx Antzerki taldearekin eta Haurtxo haurtzaindegiko Guraso Elkartearekin.

Hitzarmenarekin, Lezoko Udalak jarduera herrikoiak eta anitzak bultzatzeko borondatea berresten du, eta bide batez, kultur eragile horiek herri ekimenean duten garrantziaren aitortza egiten du, eta nolabait, Lezoko kultur jardueran talde horiek urteetan landu duten ibilbidearen garrantzia azpimarratzen du.

Mikel Arruti Kultura eta Euskara saileko arduradunaren hitzetan, “bostek oso leku inportantea daukate herri bizitzan. Are gehiago, sustatzen dituzten jarduera horiek herrian erroturik ditugu eta Lezo herri bizia izaten bere hondar alea jarri dute”.

Hitzarmenak hainbat betebehar dakartza berarekin. Elkarteek, urtean zehar hainbat ekimen egiteko konpromisoa hartzen dute. Udalak, bere aldetik, elkarteen jarduna diruz laguntzeko konpromisoa hartzen du, eta zenbait kasutan, bere jabetzakoak diren lokalak utziko dizkie aipatu elkarteei.

Udal ordezkariek adierazi dutenez, egoera ekonomikoa “oso airosoa ez den arren, aspaldi hasitako bideari jarraipena” eman nahi izan diote. Hitzarmen hauekin lortutako helburuaz galdetuta, “herriko elkarteak indartzea eta hauen biziraupena bermatuko dituzten oinarrizko baldintzak ziurtatzea” aipatu dituzte.

Lankidetzen artean zaharrena Orratx Antzerki Taldearekin sinatutakoa da, 1999az geroztik berritzen joan dena. Murixka Dantza Taldearekin 2005ean hasi zuten, nahiz eta aurrez bai dirutan eta baita azpiegituretan laguntza eman. Hezikuntza Guraso Elkartearekin 2008an sinatu zuten lehengoa, eta Munttar Txistulari Taldearekin aurreko urtean sinatu zen lehenengoz. Aurten, berriz, Haurtxo Haurtzaindegiko Guraso Elkartearekin sinatu dute estreinakoz. 

Arloa edo saila