Mendekosteak ekainaren 6an hasiko dira

Og, 2014-05-29 13:24

Batukada herrikoia osatu eta Zabarre pirataren bila joango dira Xoxolurrera, 18:00etatik aurrera

Ostiralean hasiko dira Mendekosteak. Horrela iragarri dute gaur goizean Lezoko Udaleko Pleno Aretoan egindako agerraldian Ainhoa Zabalo alkateak eta Mikel Arruti Kultura zinegotziak. Ekitaldian herriko eragileekin elkarlanean osatuta egitaraua aurkeztu dute.

Udal ordezkariekin batera, herriko eragileen ordezkaritza izan da jaien aurkezpenean. Ainhoa Zabalo alkateak haien konpromiso eta lanerako grina nabarmendu ditu: “Aurten ere Mendekosteak herriko eragileen laguntzari esker ospatuko ditugu. Lezoko Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet guzti-guztiei”.

Eta jarraian, haien izenak aipatu ditu banan bana:  Aiton Borda, Allerru-Jaizkibel Ehiza Elkartea, Allerru Pilota Taldea, Allerru Pilota Eskola, Ardi Txuri Taldea, Ernai, Gaxuxa Emakume Taldea, Haurtxo Haur Eskola, Herrira, Hezikuntza Elkartea, Ixkulin Elkartea, Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua, Lezoko Desfilea, Lezoko Euskal Dantzazaleak, Lezoko Irrizaleak, Lezoko Oroitzene AEK, Lezokoak Elkartea, Murixka Dantza Taldea, Pasaia Lezo Lizeoa, Pasaia Lezo Lizeoko Gurasoak, Tiñelu Elkartea, ,Trapujale Taldea eta Zabarre Taldea.

Mikel Arruti Kultura zinegotziak jaien izaera herrikoia nabarmendu du, “herritarrekin eta herritarrentzat egindako festak dira. Ekitaldi xumeak antolatu ditugu, guztiak doakoak. Baina hiru egunez non gozatua izango dugu lezoarrok eta inguruko herrietatik gerturatuko direnak”.

Programazioari dagokionez, hainbat nobedade iragarri ditu. Zabarre pirataren harrera ekitaldia, esate baterako, lekuz aldatu dela aurreratu du. “Itsasoa utzi eta Xoxolurrera joango gara bere bila batukadaren laguntzarekin, batukada herrikoia izango da gainera”.

Pregoian ere aldaketak izango dira. Orain arte alkate txikien pregoia izan bada, hemendik aurrera Pirata Txikien pregoia izango dugu. Piratekin jarraituz, iluntzeko 21:00etan Piraten afaria izango dela iragarri du, eta familiak, lagunarteak eta abar gonbidatu ditu bertan parte hartzera. “Bakoitzak etxetik ekartzen duena izango du, baina sagardoa Udalak jarriko du”.

Ekitaldi ugari

Ostiraletik igandera izango da non gozatua Lezon. Hogeita hamar bat ekitaldi izango direla aurreratu dute Mendekosteen aurkezpenean, eta egun handirik edo ekitaldi berezirik ez dagoen arren, larunbateko Sagardo Festari eta igandeko bazkari herrikoiari aipamen berezia egin diote.

Sagardo Festaren 16. edizioa izango da aurtengoa, eta Lezoko usadioan, aipatzekoa da ez direla sagardotegiak izango, “Lezoko baserrietan egindako sagardoa izango baita herriko sagardo festarako eskainia”. Hain zuzen, Igandeko bazkaria irailean egingo den Inude eta Artzainen desfilearen aldeko taldeak antolatu du, dirua biltzeko. Bekoerrota kiroldegian izango da, eta amaieran karaokea izango dela iragarri dute.

Horiez gain, besteak beste, buruhandi eta erraldoiak izango dira egunero, Lezoko Dantzazaleek antolatzen duten XX. mendeko erromeria, Irrien Lagunak taldean antolatzen dituzten jolas eta tailerrak, pilota eskolako finalak, rock kontzertuak edo-eta Kantu Kantari saioa.

Aurreratudigutenez, festen egitaraua asteburuan banatuko dute. Horretarako, herrian zehar kartelak jarriko dituzte programazioarekin. 

Arloa edo saila