Orratxek Hariak antzezlana estreinatuko du

Al, 2014-06-16 10:59

Asteburuan hiru emanaldi eskainiko ditu, ostiralean txikiena eta larunbatean zein igandean, helduena 

Orratx antzerki taldeak ikasturte amaierako emanaldiak eskainiko ditu asteburuan Gezala auditorioan, ostiralean, larunbatean eta igandean.

Hiruretan lehena Orratx Txiki antzerki tailerraren ikasturte bukaerako lana izango da. Emanaldia 18:00etan hasiko da, Gezalan. Bertan, antzerki eskolako hamar ikasleak ikusteko aukera izango da oholtza gainean.

Helduen taldearen estreinaldia

Larunbatean eta igandean, berriz, helduen taldeak Hariak lana estreinatuko du. Larunbateko emanaldia 20:00etan iragarrita dago, eta igandekoa, 19:00etan. Biak ala biak Gezalan izango dira.

Obrako zazpi protagonistak Osasun Mentaleko Zentro batean elkartuko dira. Teresak amnesia du, eta zentroko arduradunak elkar ezagutzen ez duten gaixoaren sei lagun gonbidatuko ditu bilera terapeutiko batera. Bilera horretan hasiko da guztia; hari bati tiraka hasiko dira, ondoren beste bati, eta hirugarren bati… Ikusleak hari ikusezinak zein agerikoak antzeman beharko ditu.

Lierni Fresnedok zuzendu du antzezlana, eta aktore lanetan Gurutze Etxabe, Joseba Salaberria, Bego Azpiazu, Mertxe Larrea, Maite Vicuña, Edurne Agirrezabala eta Garazi Ugalde aritu dira.

Hiru emanaldiak Lezoko Udalak eta Orratx antzerki taldeak sinatu duten lankidetza hitzarmenaren baitan kokatzen dira.

Arloa edo saila