Trapujalek inauterien hasiera iragarriko du otsailaren 12an

Og, 2015-02-05 12:22

Hiru kalejira izango dira aurten, horietako bi estreinakoz ariko dira: Irrien Lagunak taldearena eta Murixka Dantza Taldearena

Lezoko Udalak Inauterien egitaraua aurkeztu du gaur goizean. Ainhoa Zabalo alkatea eta Xanti Val Kultura teknikaria izan dira prentsaren aurrean herriko eragileekin elkarlanean antolatu duten sei eguneko egitaraua aurkezten. Urtero legez, Trapujale izango da Lezoko Inauterietako protagonista.

Herriko eragileekin elkarlanean antolatu da aurten ere mozorro festa, eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Ainhoa Zabalo alkateak. “Ezinbestekoa da Lezo bizi eta dinamikoa nahi badugu. Elkarlana oso sustraituta dago gainera”. Sei eguneko programazioaren aurkezpenarekin hasi aurretik, alkateak herritarrak animatu ditu mozorroa jantzi eta Inauterietan parte hartzera.

Lezoko Inauteriak ostegunean hasiko dira, hilaren 12an. Ostegunzuri eguna izango da, Trapujaleri harrera egiten zaion eguna. 16:00etan, Lezoko Herri Eskolako haurrek Trapujale Txikiari ongi-etorria emango diote. Eta 19:30ean, Trapujale Martizkone baserritik jaitsiko da Gurutze Santuaren plazara. Jaitsieran bidelagun izango ditu Alde Zaharreko Joaldunak, Tomas Garbizu Musika Eskolako musikariak eta Trapujale taldeko laguntzaileak. Plazan, Inauterietako pregoia irakurriko da.

Ondoren, 20:00etan, Trapujale oroigarria banatzeko unea iritsiko da. Aurten, Maria Pilar Intxauspek jasoko du, Trapujaleren abestiaren letra-egileak

Ostiralori, goizetik iluntzera arte
Ostiralorirako, otsailaren 13rako egun osoko programazioa iragarri dute. Herri Eskolako eta Institutuko ikasleek kalejira egingo dute, 9:30etatik aurrera. 10:30ean, berriz, Bekoerrota kiroldegian izango dira Euskaldunak eta balea emanaldia eskaintzen. 

Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek ohiko Trapujale Festa antolatu dute Gurutze Santuaren plazan. 11:00etatik aurrera Euskal Inauteri dantzen emanaldia, hamaiketakoa eta Trapu Jolasak izango dira.

Arratsaldeko programazioa Murixka Dantza Taldekoek zabalduko dute, Zirikuen kalejirarekin eta Sorgin Dantzarekin –19:00etan abiatuko dira Bekoerrota kiroldegitik–. 19:30ean Lezoko Euskal Dantzazaleen txanda izango da, Gurutze Santuaren plazan. Nafarroako iñauteriaren dantzak eskainiko dituzte.

Enkartelada (20:00), pintxo-potea (20:00),  Tiñelu Elkarteko barrikotea (21:30), Gazte Asanbladaren GaztEzkontza eta familia argazkia (21:30), Pasaia-Lezo Lizeoko jangelan egingo den Gazte afaria (21:30) eta elektrotxaranga (00:00) izango dira eguneko beste hitzorduak.

Asteburuan, kalejirak
Larunbatgorri eta Igandubel egunez, alegia, larunbatean eta igandean, kalejirek hartuko dute Inauterietako protagonismoa. Programazioko nobedade nagusiak dira, izan ere, estreinakoz ariko dira herriko kaleak girotzen. Larunbatekoa irekia da, herritar orok parte hartzekoa. 16:00etan aterako da, Lopene plazatik. Balezaleak gaia hartura, aspaldiko baleen arrantza dantza koreografiak irudikatuko dituzte. Bertan egongo dira Trapujale, Zirikuak, Mari Nazkante eta batukada.

Igandean Murixka Dantza Taldearen txanda izango da. Eguerdi partean aterako dira (12:30) eta Gurutze Santuaren plazan Iparraldeko inauteriak izeneko ikuskizuna eskainiko dute.

Astelehenarre egunean, astelehenean, haurrak izango dira protagonista, eta eurentzako ekitaldiak antolatu dira 17:30etatik aurrera. Ordu horretatik aurrera, haur jolasak eta Desperaux saguaren istorioa filmaren emanaldia izango dira Gezalan. Sarrera doakoa izango da. 

Inauteriari agurra
Lezoko Inauteriak otsailaren 17an, Asteartebeltz egunean, amaituko dira Trapujaleren erreketarekin. Herri Eskolako 3. zikloko ikasleek Trapujaleren epaiketa eta erreketa txikia antzeztuko dute gainontzeko ikasle eta gurasoen aurrean. Emanaldia 15:15ean hasiko da, Gurutze Santuaren plazan. Ondoren, txokolatada izango da Herri Eskolan.

Arratsaldean, berriz, 19:00etatik aurrera, Gurutze Santuaren plazak Trapujaleren epaiketa, herio bidaia eta txerrijana hartuko du mozorro festari amaiera emanez.
 

Arloa edo saila