Lau administrari berri hasiko dira ekainean lanean

Az, 2012-05-30 12:14
Iazko azaroan Lezoko Udalak lau administrari plaza lehiaketara atera zituen. Oposaketak amaituta, epaimahaiak izendatu ditu jada ekainean lanean hasiko diren funtzionarioak.

Hiru administrari plaza lehiaketa oposizio ireki bidez aukeratuak izan dira eta laugarren plaza barne-promozio bidez bete da.

Oposizio fasea

Mota ezberdineko bost ariketa gainditu behar izan dituzte lehiaketara aurkeztu direnek. Lehendabiziko froga idatzizko galdetegi bat izan da, udalak zehaztutako gai-zerrenda baten ingurukoa. Bigarren froga 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko izan da. HAEEk zehazten ditu proba horren edukia eta forma.

Hirugarren ariketan hautagaiek Microsoft Word, Excell, Access eta Outlookarekin ondo konpontzen direla frogatu behar izan dute IT Txartelaren jabe izanik edo berau lortzeko azterketak eginez.

Laugarren frogan bi motatako ariketak pasa behar izan dituzte. Alde batetik, ahalmen intelektualei buruzko galdera-sorta bati erantzun behar izan diote eta, bestetik, nortasun-ariketak eta elkarrizketa pertsonala  izan dute; izangaia lanposturako egokia den ala ez neurtzeko.

Bukatzeko, kasu praktiko edo teoriko-praktikoak landu behar izan dituzte.

6 hilabeteko praktikaldia

Ekainetik azarora bitarteko praktikaldia izango dute izendatuek. Praktikaldia amaitu baino lehen, horretarako eratuko den batzordea arduratuko da proposatutako izangaien gaitasunak eta trebetasunak ebaluatzeaz. Proposatutako izangaiak praktikaldia gainditzen badu, alkateak karrerako funtzionario izendatuko du.

Oposizioko ariketa guztiak gainditu dituzten, baina izendatu gabe geratu diren izangaiek lan-poltsa bat osatuko dute. Lan-poltsa horrek udal honetan egun indarrean dagoena ordezkatuko du eta sor daitezkeen aldi baterako premiak betetzeko erabiliko du udalak.

Arloa edo saila