Partaidetzazko Aurrekontuak egitasmoaren baitan, Oarsoaldeko herritarrek auzolana eta herritarren partaidetza sustatu nahi dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak gidatutako Partaidetzazko Aurrekontuak egitasmoaren baitan, Oarsoaldeko herritarrek 500.000 euroak non inbertitu erabaki zuten joan den asteartean, irailak 30, Gezala auditorioan egindako bileran.
Azken bilera horretan erabaki zen Oarsoaldean 500.000 euroak hamaika egitasmotan inbertitzea. Orain, guztiak Gipuzkoako Foru Aldundia 2015erako prestatzen ari den foru aurrekontuetan txertatuko dira eta 2015ean gauzatu.
Hauek dira hamaika egitasmoak:
- Auzolan egitasmoak martxan jarri, herri partaidetzaren espresio praktiko modura, udalen inplikazioarekin. 37.500 €
- Ekintzailetza proiektu bat abiatzea, etorkizunean nekazari-lanetan aritu nahi duten pertsonentzako haztegi gisa. Proposamen hau abiatzeko, lurren beharra dago, eta horretarako lehen urratsa, eskualdean nekazaritza-lanen sustapenerako dauden lur guztien (Aldundiarenak, udalenak eta pribatuenak) azterketa eta balorazioa egiteko pertsona baten kontratazioa behar da. 75.000 €
- Arazo psikikoak dituzten pertsonen lan-integrazioa sustatzeko programa. 50.000 €
- Arrazoi etnikoengatik diskriminazioari aurre egiteko sare baten sorrera. 45.000 €
- Jai parekideak jorratzeko berdintasun-teknikarien lan-taldea sortzea. 40.000 €
- Herrigintzako kohesioa lantzeko, eskualdeko parte-hartzerako teknikari baten kontratazioa. 43.000 €
- Euskal Herritik kanpo jaiotakoei euskara ikasteko baliabideak ematea. 20.000 €
- Oroimen historia berreskuratu eta jendartera nola plazaratuko den pentsatzeko prozesua, eskualdeko eragile guztiekin. Eskualdeko leku interesgarriak bilduko dituen ibilbide zirkularra planifikatzeko saioak egitea, eragile eta interesdun guztiekin. 24.000 €
- Energia berriztagarrien inguruko eskualdeko diagnostikoa eta plana egitea. Energia berriztagarrien inguruan formazioa emango duen pertsona baten kontratazioa. 83.000 €
- Garapenerako lankidetza: Nikaraguan formazio-eskola integral bat martxan jartzeko proiektua. 8.000 €
- San Pedroko Proisa; Parte-hartzerako eskualdeko prozesua eta proiektu exekutiboa egitea. 74.200 €
Informazio gehiago: www.aurrekontuahobetzen.net