Harrera Plana aurkeztu du Lezoko Udalak

Ar, 2026-05-26 19:20

Lezoko Udalak Lezora etorri berri diren pertsonentzako Harrera Protokoloa eta Plana (2026-2029) aurkeztu du

Azken hilabeteetan Lezoko Udalak herrira etortzen diren pertsonentzat harrera plan eta protokoloa landu du, Aztiker ikergunearen laguntzarekin. Prozesuaren oinarria gaur egun Lezon etorri berriei egiten diegun harrera ulertzea izan da eta etorkizunean harrera lanean ariko diren eragile guztien artean oinarri eta irizpide partekatuak ezartzeko helburua izan du. 

Gaur egin du aurkezpena Lezoko Udalak eta Harrera Plana eta Protokoloa ikusgarri jarri du bere webgunean. Mikel Arruti Lezoko Alkatea, Susana Martinez Aztikerreko  teknikaria, Dami Muñoz Lezoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduraduna eta Wahiba El Houb lezoarra, prozesuko parte hartzailea, izan dira aurkezpenean.

Arrutik adierazi duenez, plana herri proiektua da, “herri batek harrera ona egiteko, borondate sozial eta politikoaz gain, baliabideak eta antolaketa behar dira. Lezora iritsi berri den pertsonak nora jo behar duen jakiteko, errolda nola egin, seme-alabak eskolaran nola sartumatrikulatu, zer eskubide eta betebehar ditugun herritarrok, zein diren gure esku dauden zerbitzuak eta zein edo nolakoa den gure herriko komunitatea... ezagutzeko baliabideak eskaini behar ditugu. Horrela, herri-bizitzan parte-hartzea, eta herriko partaide, herrikide izatea erraztuz".

Planak helburu garbia du: Lezon diharduten eragile instituzional eta sozialen esku-hartzea ordenatzea, herrira datozen pertsona iritsi berriei harrera integrala, gizatiarra, duina eta enpatikoa egiteko. 

Lezoko Harrera Protokoloa eta Plana (2026-2029) duela ia urtebete hasi zuten. Prozesuan zehar udaleko sail desberdinek, herriko elkarteek, hezkuntza komunitateak, Osakidetzak eta Lezora etorri diren herritarrek hartu dute parte. Prozesu osoan zehar, Aztiker Ikerguneak izan du gidaritza teknikoa.

Harrera Plana herriko harrera ereduaren inguruan egindako hausnarketa prozesu baten emaitza izan da, ikuspegi integral eta komunitarioa duena. Martinezek harrera prozedura orokorraren xehetasunak azaldu ditu. Iritsi berri den pertsona batek, heltzean, lehen hartu-eman informalen bidez (ezagunen edo komunitateko kideen bitartez izango dituen horien bidez) edota administrazioko egituran egiten direnen bidez Harrera Zerbitzuaren berri jasotzea eta hitzordua ematea da lehen pausua. Lehen hitzordu horretan, intereseko informazio jaso eta oinarrizko kudeaketak egingo ditu, baina urtean behin edo bitan harrera saioak edo bestelako ekimenak egitea jasotzen du planak. Azkenik, arlo sozial eta komunitarioan ere harremanak sortu eta sentsibilizazio zein formazioari begirako lanketak egitea ere beharrezkoa da, eta horretarako hainbat ekimen aurkezten ditu Harrera Planak.

Azken hamarkadetan, Lezoren biztanleria hazkundea % 3,9koa izan da: 2.000. urtean 5.799 biztanle izatetik 2.024. urtean 6.025 izatera igaro ziren. Muñozek azaldu duenez, “hazkunde horren arrazoi nagusiak migrazio saldo positiboa eta bizi-itxaropenaren luzapena izan dira”. Plana osatzea, premiazkoa zen, orain arte udal zerbitzuek egindako lana ordenatu eta baliatzeko tresna ez ezik, “gaia komunitatean bistaratzeko eta lantzeko bidea irekitzeko” aukera izan da. 

Azkenik, El Houbek hartu du hitza. Prozesuko parte-hartzailea izan da eta bere ikuspuntua azaldu du: “Hona iritsi nintzenean galduta egon nintzen, benetan galduta, galdera asko nituelako, kultura berri bat zelako, desberdinak diren gauza askorekin egin genuen topo. Planari esker, gaur egun atzerritarrentzat oso garrantzitsua den ate bat daukagu, bakarrik sentitzen den jendeari laguntzeko ate bat”. Komunitatearen parte izateko eguneroko harremanak hastearen garrantzia azpimarratu du: “Orain, entzungo gaituen norbait dagoela sentitzen dut, lagunduko digun norbait”.
 

Arloa edo saila