Lezoko COVID-19aren kasuak kontrolpean jarraitzen du

Or, 2020-07-17 10:48

Udalak asteburuan detektatutako kasuaren bilakaera ona azpimarratu du eta kasua kontrolpean dagoela berretsi du. Udalak lasaitasun mezua helarazi die herritarrei beste behin eta arduraz eta erantzunkidetasunez jokatzen jarraitzeko eskatu die.

Joan den asteburuan Lezoko taberna batek bere ateak itxi behar izan zituen bertako jabeak COVID-19aren proban positibo eman ostean.

Aste hasieran Udalak adierazi bezala, berehala jarri zen abian segurtasun protokoloa eta horri jarraiki, tabernaria zein bere emaztea eta gertuko senitartekoak isolatu eta guztiei egin zaizkie PCR frogak.

Ildo horretan, Udala etengabeko harremanetan dago Osasun Sailarekin, aipatu kasuari jarraipena emateko eta gaurkoan, detektatutako kasu horren bilakaera ona azpimarratu du,  egoera kontrolpean dagoela ziurtatuz. Guztira 3 positibo detektatu dira Lezon egunotan egindako PCR probetan eta horietatik bik ez dute aipatu tabernarekin zer ikusirik. Gaixotutako pertsonek isolatuta jarraitzen dute eta ez da eman transmisio komunitariorik.

Gauzak horrela, Lezoko alkateak, Jesus Mari Martiarenak lasaitasun mezua helarazi die beste behin lezoarrei eta orain arte bezala erantzukizunez eta arduraz jokatzen jarraitzeko eskaera luzatu die musukoa erabiliz, urruntze soziala mantenduz eta eskuak maiz garbituz. “Birus honi guztiok elkarrekin egingo diogu aurre, eta horretarako, elkartasuna, Osasun sailak ezarritako neurriekiko errespetua eta erantzukidetasuna dira gurean behar ditugunak”, amaitu du alkateak.

Arloa edo saila