Lezoko Udalak 40.000 €-ko diru laguntza jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren eskutik, mugikortasuna hobetzeko lanak egiteko.
Foru Aldundiak Pasaialdea berroneratzeko Lezo, Errenteria eta Pasaiako udalak diruz-lagunduko ditu eta Lezok 40.000 €-ko laguntza jasoko du. Herriko bidegorri-sarea hobetzeko lanen finantzazioa arinduko du diru-laguntza honek.
Gaur goizean egin dute agerraldia Azahara Dominguez diputatuak, Lore Suarez Lurralde Antolaketako zuzendariak, Mikel Arruti Lezoko alkateak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak eta Teo Alberro Pasaiako alkateak. Hiru herriek, guztira, 400.000 € jasoko dituzte berroneratze lanetarako.
Diputatuak azaldu duenez, hitzarmen horien helburua udalei beren udalerrietako azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko egindako jarduketen kostuak ordaintzen laguntzea da, herritarrek bizi-kalitatea hobetu dezaten. "Hitzarmen horiekin zerbitzu gehiago eta hobeak ematen dizkiegu udalerri horiei, eta, horrez gain, zuzenean jarduten dugu bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen", nabarmendu du diputatuak.
Lezoko bidegorri sarea narriatu egin da urteen poderioz, eta alkateak azaldu duenez, "mugikortasun jasangarria eta pertsona guztientzako espazioak bermatzeko beharrezkoak diren jarduerak garatu behar dira. Herri bizigarriago eta inklusiboago bat lortzeko urratsa izango da". Horretarako, zoladura-lanak egingo dira, beharrezko tratamendua eginez eta nahasketa asfaltikoarekin; era berean, ardatzen margoketa eta bidegorriaren eta oinezkoen guneen arteko bereizketa berriztatuko dira bidegorri sareko hainbat gunetan, hala nola, altamirako biribilgune inguruko bideetan.
Azkenik, Mikel Arrutik etorkizunean udalerriak dituen beharrei erantzuteko administrazioen arteko elkarlana indartzen jarraitzeko beharra azpimarratu du: "hitzarmen honek Lezoko Udalak mugikortasuna hobetzeko dituen baliabide mugak arintzen laguntzen badu ere, baditugu beste erronka batzuk".