Mikela Eizagirre Zubiarrain lezoarrak 100 urte bete ditu, Mikel Arruti Alkatea eta Miren Ormazabal zinegotzia goizean berarekin elkartu dira, zoriondu eta lore-sorta oparitzeko.
Gaurko egunez, duela 100 urte, Goiatz herrian jaio zen Mikela Eizagirre Zubiarrain. Hala ere, ia 100 urtetan bizi izan da Lezon, haurra zela etorri baitzen herrira bizitzera.
Urte horietan guztietan lan asko egin du Mikelak. Sasoi eta kemen handiko emakumea da, oraindik ere nabarmenak dira bere alaitasuna eta bizipoza.
Mikelak kontatu dienez, egurra saltzen urte askoz aritu zen lanean; Jaizkibel mendira igo eta bertan egurra bildu ondoren, zakuak bete eta herrira jaisten zen lezoarrei egurra saltzeko.
Bizitzako ibilbideaz, egindako lanez, herriaz eta beste hainbat gaien inguruan aritu dira hitz egiten.
Zorionak Mikela!