“Pimu ausarta” izena duen minbiziari buruzko ipuina aurkeztu dute Lezon

Og, 2023-12-14 18:25

ASGICER elkarteak sortutako ipuina Lezoko Euskal Liburu eta Disko Azokan egongo da eskuragarri. Haurrei minbiziaz hitz egiteko euskarria da.

Lezoko Udaleko Udalbatza aretoan, “Pimu ausarta” izena duen eta minbiziari buruzko gaiak lantzen dituen ipuina aurkeztu dute gaur goizean. Aurkezpenean Mikel Arruti (Lezoko alkatea), Loli Pastoriza (ASGICER elkarteko lehendakaria), Nagore Taboada (testu egilea), Isabel Sebastián (ilustratzailea) eta Sandra Martínez (ASGICER elkarteko psikologoa) izan dira.

ASGICER Gipuzkoako minbiziaren aurkako elkartea da, 2018 urtean sortu zena. Elkartearen deia jaso ostean, Lezon ipuina aurkezteko aukera eskaini zien Mikel Arrutik. Hortaz, alkateak berak egin du gaurko aurkezpenaren sarrera: “ASGICER elkartean egiten duten lana azaldu ondoren, proiektu hau aurkeztu ziguten eta oso polita iruditu zitzaigun. Liburuak minbiziaren gaia landu egiten du, haur baten begiradatik bere amaren gaixotasuna nola bizitzen duen azaltzen du. Gainera, ipuin honen salmentatik lortzen den diru guztia minbiziaren aurkako ikerketara bideratua dago. Egitasmo honi ikusgarritasuna eman behar geniola argi geneukan. Jakinik bihar Lezoko Liburu eta Disko Azoka zabalduko dela, egokia iruditzen zitzaigun ipuin hau bertan eskuragarri izatea”.

Liburuak 10 euroko prezioa izango du eta euskaraz salduko da azokan. Azokaren ordutegia ondorengoa izango da:

-Abenduaren 15ean (17:00-19:00)

-Abenduaren 16etik 22ra (11:00-13:00 eta (17:00-19:00)

-Abenduraren 23an (11:00-13:00).

Liburua elebitan idatzi dute eta Errenteriko “Noski” eta “Xenpelar” liburudendetan ere eros daiteke (hemen bai gaztelaniaz).

Ipuinari dagokionez, Kimetz deituriko haur batek garatutako ideiatik istorio bat sortu dute. Istorio honi forma eman, eta Kimetzen amak, Nagore Taboadak, ipuin bilakatu du, Isabel Sebastian ilustratzailearen laguntzarekin. Haurrei minbiziaz hitz egiteko euskarria da.

Nagore Taboadak, ipuinaren egileak, adierazi du bere semearen ideiatik jaio dela liburua. “Kimetzek istorio laburren lehiaketa batean parte hartu zuen, eta istorio hau kontatu zuen. Tamalez ez zuen irabazi, baina guk egi bihurtu dugu”. Gainera, azaldu du ipuinaren amaieran Kimetzen ideiak eta hitzak azaltzen direla: “Haurrak bere ama munstrotik salbatuko du”.

Isabel Sebastian ipuinaren ilustratzailearentzat ez da lan erraza izan adin desberdinetako haurrentzat marrazkiak egitea, baina saiatu da. “Gainera, liburu honek nire etxean ere balio izan du, nire alabari amonaren minbizia kontatzeko” adierazi du.

Elkarteko psikologoa den Sandra Martinezek adierazi du “Elkartetik oso pozik gaude ideia honekin, eta proiektu berezi honetan lagundu ahal izatearekin”.

ASGICER elkarteko lehendakaria Loli Pastoriza hunkituta azaldu da aurkezpenean.  Lehenik eta behin alkateari eskerrak eman nahi izan dizkio, lehendabizikoz udal batek ikusgarritasuna eman diolako beren proiektuari. “Lezok beti zabaldu dizkigu ateak eta elkartean lezoar boluntarioak ditugu. Mikelek aurkezpen hau Gabonak aurretik antolatzen saiatuko zela esan zigun eta bere hitza bete du. Eskerrik asko”. Bere mezua haratago zabaldu du, zenbait aldarrikapen egiten.  Alde batetik “minbizian arakatu behar da, hemen denok garelako garrantzitsuak” aipatu du. “Baina minbizi guztiei jarri behar zaie arreta, ez sendakuntza tasa handiena dutenei. Minbizi metastasikoa dugunok ere garrantzitsuak gara. Ikerkuntzan gehiago inbertitu behar da eta horretarako lanean gabiltza” amaitu du.

Arloa edo saila