Atzerapausorik ez LGTBIQ+ pertsonen eskubideetan

Az, 2023-06-28 10:18

Atzerapausorik onartuko ez dugula ez da soilik lelo bat. Jarrera politiko argi bat da. Egiteko asko geratzen dela argi izanda ere, lortutako apurra ezabatzera etorri nahi duten indar ultrakontserbadore eta faxisten aurrean askatasunaren aldeko horma bat eraikitzeko konpromisoa da gurea. Hemen zeuden, badakigu, haiek hil baitzuten Francis, baina haien gorrotoaren gainetik eraikitzen jarraitu dugu. Kalean eta instituzioetan.

Trans legeak lortu ditugu, edo LGTBIQ+ kontseilu munizipalak. Kaleak gureak egin ditugu eta Moio oroitzen duen plaka jarri. Eraso LGBTIQ+ fobikoen aurrean elkartu gara, oihukatu dugu eta bisexualitatea bizi dugula aldarrikatu dugu euskaraz. Hori eta askoz gehiago egin dugu, bizitu dugu, konpartitu dugu eta borrokatu.

Baina hemen dira, beldurrik gabe esaten eraiki dugun hori, garen hori desegingo dutela. Ez dagoela eskubide atzeraezinik, ez daukagula eskubiderik. Eta guk, Ekainaren 28 honetan, garena, lortu duguna harro defendatuko dugula esatera gatoz.

Iaz genioen bezala, honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… eraikitzeko konpromisoan berresten gara. Aldi berean, LGTBIQ+ mugimenduaren eta instituzioen arteko zubi eta elkarlanean sendotzeko, erabaki konpartituetarako bideak ezartzeko lan egingo dugu. Faxismoaren aurrean, bakoitzak beretik, eraikitzen jarraituko dugulako. Lege gehiago, baliabide gehiago, espazio gehiago.

Horregatik Lezoko Udalean LGTBIQ+ mugimenduaren eta instituzioaren arteko elkarlana sustatzeko eta bertatik, Lezoko dinamika ezartzeko konpromisoa hartzen dugu. Erronka konpartitua da aurrean duguna, eta bakoitzari dagokion arduratik eta espaziotik, LGTBIQ+ politikak eraikitzeko ezinbestekoa da honelako gunea.

Honetaz gain, gure herrian LGTBIQ+ mugimenduak izandako papera eta historia aitortzeko lan egingo dugu, haiengatik baikaude egun gauden tokian. Besteak beste, Ekainaren 10a, Errenterian eraildako Francis Vadillo trabestia erail zuten eguna trans memoriaren egun izendatzea eskatzen dugu. Bere erailketak Euskal Herriko LGTBIQ+  mugimendua bultzatu zuen modu nabarmenean.

Amaitzeko, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGTBIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako.

Arloa edo saila