Gaur hasiko da maitasun erromantikoaren inguruko tailerra

Az, 2017-03-01 11:25

Gaur hasiko da Gaxuxa emakume taldeak, Udalaren laguntzarekin, antolatu duen maitasun erromantikoaren inguruko tailerra

Martxoak 8an ospatuko den emakumeen nazioarteko egunaren harira, Gaxuxa emakume taldeak, Udalaren laguntzarekin, hainbat ekintza antolatu ditu. Horien artean, maitasun erromantikoaren inguruko tailerra eskainiko da martxoak 1, 8 eta 15 egunetan. Loredi Salegi izango da dinamizatzailea, eta Maitasuna eta Harreman Osasuntsuak izenburutzat duen ikastaroa emango du.

Maitasun erromantikoa, azken boladan, pil-pilean dagoen gaia da. Izan ere, maitasunak gure gizartean duen papera eta esanahia desmitifikatu nahi da. Zeloak izatea, kontrolatzea edo guztiz bestearengan entregatzea maitasunarekin identifikatzen dira, eta ez luke horrela izan beharko ikuspegi honen arabera.

Beraz, maitasunaren eta erromantizismoaren inguruko hausnarketa kritikoa egingo da tailerrean. Maitasunaren beste ikuspegi bat indartu nahi da, eta, era berean, harreman osasuntsuak lantzeko gakoak emango dira. Helburua da modu osasuntsu batean nork bere burua eta ondokoa maitatzen ikastea eta izaki askeagoak izatean erakustea.

Arloa edo saila