Jabetze ekimenak Lezon, azaroaren 25aren harira

Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako eguna dela eta prestatutako kanpainaren baitan, bi jabetze ekimen antolatu ditu Udalak Gaxuxa emakumeen taldearekin elkarlanean: irakurketa ahalduntzeko ikastaroa batetik eta indarkeria matxistaren inguruko hitzaldia, bestetik.

Udalak herritar oro animatzen du aipatu ekintzetan parte hartzera, indarrak batuta, elkarrekin indarkeria matxistari aurre egiteko.

Jakina da azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako eguna dela, borroka eguna mundu zabalean, alegia. Hori dela eta, urtero bezala, Lezoko Udalak kanpaina berezia antolatu du herriko zenbait eragileekin elkarlanean: hala nola, Kuadrillategi, Lezoko Osasun Zentroa, Osakidetza, Pasaia-Lezo Lizeoa, Herri Eskola eta Gaxuxa emakumeen taldea.

Aurten, urtero bezala hainbat ekintza antolatu dira Azaroaren 25aren bueltan, eta horren baitan aurrera eramango diren bi jabetze ekimenen berri eman du gaurkoan, aurrerapen moduan.

Horiek horrela, kanpainaren baitan, irakurketa ahalduntzeko ikastaroa antolatu du Udalak Gaxuxa emakumeen taldearekin elkarlanean.  Aipatu ikastaroa azaroaren 13an hasiko da eta maiatza bitartean ospatuko da hilean behin, hain zuzen, hileko hirugarren asteazkenean, 17:00etatik 19:00etara kultur aretoan. Ikastaroa doakoa izango da eta interesdunek hilaren 8a arte izango dute izena emateko aukera, Gizarte zerbitzuetan (943 52 10 94) edo Gaxuxan bertan (asteartea 17:00-19:00 edo osteguna 18:00-20:00). Ikastaroa Loredi Salegik, hezitzailea eta indarkeria matxistan eta berdintasunean aditua, dinamizatuko du.

Aurtengoa ikastaroaren bigarren edizioa izango da eta helburu du irakurketaren bitartez parte hartzaileak gogoeta egitera bideratu eta jabetzeko aukera eskaintzea, bai indibidualki zein taldeka.  Horretarako ikastaroan zehar liburu ezberdinak aukeratuko dira eta esan bezala, hileko hirugarren asteazkenean irakurritakoaz gogoeta egingo da, betiere, ahalduntzearen ikuspegitik.

Azaroaren 22an, halaber, indarkeria matxistari buruzko hitzaldia ere antolatu du Udalak Gaxuxarekin elkarlanean. “Sexu erasoak. Zer gertatzen ari da?” izena du hitzaldiak eta kultur aretoan eskainiko da 17:00-19:00 bitartean, Loredi Salegiren gidaritzapean. Bertan parte hartzen dutenek, gainera, indarkeriaren kontrako poltsa eskuratu ahal izango dute.

Amaitzeko, kanpaina honen baitan antolatutako ekimen guztiak azaroko lehen hamabostaldian aurkeztuko direla iragarri du Udalak eta esan bezala, herritarrak ekin horietan parte hartzera gonbidatzen ditu, indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura delako eta eraso sexistak gaitzesteko indarrak batzea ezinbestekoa delako.

 

Arloa edo saila