Jai parekide eta barneratzaileagoak lortzeko prozesua abiatu da

Az, 2017-05-31 13:38

Oarsoaldeko udalek, jai parekide eta barneratzaileak lortzeko helburuarekin hausnarketa prozesua jarri dute martxan Oarsoaldeko udalerrietan. Prozesuaren baitan, herritarren eta eragileen iritziak eta gogoetak bilduko dira herriz herri.

Duela gutxi arte, jaiak emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko aldarrikapenerako lehentasunezko eremu izan ez badira ere, jakina denez, jaiak ospatzeko dugun modua gure jendartea antolatuta dagoen moduaren eta ditugun balioen isla da. Komunitate gisa ditugun balio, nortasun, ideologia eta egiturak birsortzen dituzte jaiek, eta ditugun gatazkak, botere-harremanak, rol-banaketak, indarkeria-egoerak… adierazten dituzte.

Oarsoaldeko udalerrietan ere jaien testuinguruan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko eta jarrera matxistak gaitzesteko ekimenak eta kanpainak egin dira, horietako batzuk modu bateratuan gainera, Berdintasunerako Mahai Teknikotik.

Dagoeneko egiten hasita dagoen bideari jarraipena emanez, Oarsoaldeko udalerrietan jai parekide eta barneratzaileagoak lortzeko egitasmo berria jarri da martxan. Egitasmoaren helburu nagusia Oarsoaldeko jaiak genero-ikuspegitik aztertzea da, eta indargune eta ahuleziak zein diren kontuan hartuta, jaiak parekideagoak eta barneratzaileagoak izan daitezen plangintza bat lantzea. Lan horiek egiteko prozesua abiatu da beraz, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin.

Lau udalerrietako hainbat jai izango dira aztergaiak, eta horiek izaera ezberdinetakoak izango dira, hau da, kulturarekin, gastronomiarekin, usadio paganoekin… lotutako jarduerak aztertuko dira. Azterketa horretan, Oarsoaldeko jaietan zeresana duten mota desberdinetako eragileak inplikatu nahi dira, errealitatea ongien beraiek ezagutzen dutelako. Azterketa egiteko beharrezkoa den informazioa iturri hauetatik eskuratuko da:

• Elkarrizketa sakonak eragile-mota desberdinetako ordezkariei: ordezkari politikoak, udal-teknikariak, kultur-elkarteak, elkarte gastronomikoak, kolektibo feministak, etab.
• Azterketa dokumentala, jaiena zein horien komunikazioarena.
• Behaketa zuzena, festa zein dinamika jakinena.

Horrez gain, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko talde-gogoetak egingo dira udalerri bakoitzean, bertako eragile-mota desberdinekin. Lezon urri hasieran egingo da.

Gaiarekin interesa duen herritar, eragile eta elkarte oro ongi etorria izango da prozesu honetara. Datozen aste eta hilabeteetan zehar prozesuaren eta bilera-deialdien inguruko xehetasun gehiago emango dira; baina edozein zalantza argitzeko, udaletako berdintasun sailekin jar zaitezkete harremanetan.

Arloa edo saila