Jarrera sexistak salatu ditu Udalak

Or, 2017-06-09 13:30

Lezoko Udalak joan den asteburuan jaien harira Lezon gertatutako jarrera sexistak salatu ditu eta herritarrei astearterako deitua izan den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu die.

Hain zuzen ere, gazte bat atzeman zuten, joan den larunbatean, hilak 3, taberna bateko kanpoaldean, ezkutuan, leiho batetik nesken komun barrura argazkiak ateratzen. Honen aurrean Udaletik adierazi nahi da, publikoki eta aho batez, horrelako gertaerak ez direla onartzen gure jendartean eta horregatik, erakunde, elkarte eta herritarrek lanean jarraitu behar dute, emakumeak aske eta jazarpen matxistatik libre bizi daitezen.

Helburu horretan, instituzioek eta herritarrek bat egin behar dute, guztion ardura baita halako jarreren aurrean erantzun egokia ematea eta indarkeria sexistak ekiditeko baliabideak jartzea. Horregatik, Lezoko Udalak beharrezko eta premiazko jotzen du mekanismo guztiak artikulatzea berdintasunezko gizartea eraikitzeko eta bide horretan hasitako bidearekin jarraituko du berdintasun-politikak hauspotuz edota indarkeriaren aurkako ekintzak antolatuz.

Hori dela eta, Lezoko Udalak bat egin du Sorginak taldeak egindako elkarretaratze deialdiarekin. Hitzordua, datorren asteartean da, hilaren 13an, arratsaldeko 19:30ean Gurutze Santuaren plazan eta herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatu die.

Arloa edo saila