Bi lezoarrek sari bana irabazi dituzte Euskadiko musikari gazteen lehiaketan

Ar, 2021-04-27 08:41

Apirilaren 17 eta 18ko asteburuan, Bilbon, Euskadiko musikari gazteen XIV. lehiaketa ospatu zen.

Lehiaketara bi lezoar aurkeztu ziren . Batetik, Paul Muñoz Errasti 12 urteko saxofoi-jotzaileak, 12 eta 15 urte bitarteko kategorian parte hartu zuen eta lehen saria lortu, zurezko haize tresnen espezialitatean. Bestalde, 17 urteko Ane Espina Errastik 16-19 urte bitarteko kategorian parte hartu zuen eta sokazko tresnen espezialitatean lehen saria lortu zuen.

Hilaren 25ean, igandean, Bilboko Juan Crisostomo Musika Kontserbatorioko auditorioan, Euskadiko musikari gazteen lehiaketaren XIV. edizioaren amaierako kontzertua egin behar zen lekuan, irabazleei sariak banatu zitzaizkien. Ekitaldi honetarako, bertaratutako pertsona guztien gozamenerako, bi lezoarrak aukeratu zituzten euren programa interpretatzeko.

Ekitaldi horretan, aipatutako sariez gain, lehiaketaren sari berezia ematea falta zen, < Bilboko Orkestra Sinfonikoa Saria >, espezialitate guztietako irabazleen artean argitu beharrekoa.

Kontzertuaren amaieran emaitzaren aipamena egin zen eta honetan ere, Ane Espina Errasti biolin-jotzaile lezoarrak jaso zuen saria.

BOS (Bilboko Orkestra Sinfonikoa) saria, aipatutako orkestrarekin bakarlari gisa kontzertu batean parte hartzea da.

Nahiz eta oso gazteak izan, musika bide trinkoa egin dute. Lezoko Tomas Garbizu Udal Musika Eskolan hasi zituzten musika ikasketak eta eskolari lotuak jarraitzen dute.
Aldi berean, Paulek lanbide-graduarekin dirau, Errenteria Musicalen eta Anek lanbide-gradu ikasketak amaituta, tresnarekin hobetzen jarraitzen du  Raffaela Acella irakaslearekin.

Anek lanbide-gradua joan den ikasturtean amaitu zuen eta urte horietan hainbat orkestratan parte hartu izan du: EGOn (Euskadiko Gazte Orquestra) eta EIOn (Euskadiko Ikasleen Orkestra). Azken honetan kontzertinoko atrilean aritu izan da.

Paulek, gaztea izan arren, hainbat esperientzia izan ditu Jazz taldeetan, hala nola Donostiako Jazzaldiko Big-Band Txikian bi denboralditan, eta duela gutxi EIJOko kide izateko ere hautatu dute (Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra).

Hemendik, bada, gure zorionik zintzoenak adierazi nahi ditugu, baita beren musika-ikasketekin jarraitzeko nahia ere, ugariak eta emankorrak izango direla sumatzen baitugu.
Ziur gaude haien senideei, lagunei eta, oro har, Lezoko herriari poza ematen jarraituko dutela.

Zorionak!!