‘Euskaraz barra-barra’ marka berria, bezeroek euskaraz egitea errazteko

Og, 2022-09-08 09:36

Irailetik Euskaraldia hasi bitartean, establezimenduetan jarriko den marka edo bereizgarria probatuko dute Lezon, Oiartzunen eta Pasaian.

Euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan areagotzeko helburuarekin, batean eta bestean badira euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren saltokiak, enpresak eta entitateak identifikatzen dituzten ziurtagiriak, euskaraz aritzeko eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna aitortuz, bezeroek eta herritar guztiek horren berri izan dezaten.

Urtarriletik aurrera, berriz, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak zerbitzu sektorean gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka berria eta bateratua sortuko dute: Euskaraz barra-barra izango du izena, eta euskararen lurralde guztietara zabalduko dute.

Egitasmoa, berez, urtarril-otsail aldera aurkeztu eta gainerako herrietara hedatuko bada ere, uda honetatik aurrera zenbait udalerri, proba gisa, marka zabaltzen ari dira dagoeneko, Lezo, Oiartzun eta Pasaia horien artean. 

Euskararen ezagutza maila uste duguna baino altuagoa da Euskal Herriko eremu batzuetan bederen. Ezagutza maila itxuraz altu horri, ordea, ez dio erabilerak neurri berean erantzuten, jakina den bezala, Soziolinguistika Klusterraren azken neurketen emaitzak horren lekuko.

Erabileran hankamotz ibiltzeko arrazoiak bat baino gehiago dira eta ez gara hemen guztiak azaltzen hasiko. Arrazoi handienetako bat, hala ere, ziurgabetasunak eragiten duen egoera deserosoa da. Hau da, aurrean dugunak ulertuko ez ote digun beldurra, egoera deseroso eta liskartsuak ekidin nahia eta abar. Normala den bezala, euskaraz hitz egiteko baldintza batzuk behar edo nahi izaten ditugu euskaldunok. Egoera lasaia nahi izaten dugu, ingurukoek euskaraz badakitela jakin nahi izaten dugu euskaraz lasai egiteko. Ez dugu erantzun txarrik hartu nahi, edo ez dugu gaizkiulerturik nahi. Horregatik, askok, euskaraz egin beharrean, gaztelaniaz egiten dute euren ustez euskaraz ez dakiten leku nahiz egoeretan. Estres linguistikoa esaten zaio horri; “Euskaraz jakingo ote dute? Euskaraz egiten badut, ulertuko al didate? Ez ote dute gaizki hartuko nik euskaraz egitea?” moduko galderak eta kezkak pizten zaizkie askori buruan.

Marka horren xedea euskal lurralde osoko zerbitzu sektorean euskararen erabilera handitzea izango da, bezeroei saltoki jakin horietan euskaraz egiteko aukera dutela jakinaraziz. Horretarako, establezimenduen kanpoaldean une oro euskaraz ulertzen duen saltzaile edo arta ematen duen langileren bat egongo dela bermatzen duen MARKA  BATERATUA jarriko da. Hartara, euskaldunak, sartu aurretik edo sartzeko unean, jakingo du establezimendu horretan euskaraz egin eta ulertuko diotela.

Marka berria establezimenduan jartzeko baldintzak ondoko hauek dira:

Hamar langile arteko establezimenduetan, langileen %50ak euskara ulertu beharko du. Hamaika langiletik gorako establezimenduetan, berriz, langileen %30ak ulertu beharko du euskara.

Langile guztiak euskaldunak ez diren establezimenduen kasuan, euskaraz dakien edo dakiten langileek, era berean, paparrean txapa identifikagarri bat edo lepoko bat eramango dute, markaren irudi bera izango duena.

Euskaraldiaren ekintzak hasi bitartean gauzatuko den proba epea amaitzean, inkesta batzuk utziko dira establezimenduetan eta euskarri digitaletan bezeroek haiek bete eta ekimena nola joan den jakiteko eta neurtzeko. 

Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek eskualdeko herritarrak establezimendu publikoetan euskaraz egitera animatu nahi dituzte eta egitasmo berriari atarramendu ahalik eta gehien ateratzeko deia egin dute.

Arloa edo saila