EUSKARAZ EROSO IKASI ETA BIZI, LEZON ERE BAI!

Or, 2025-09-05 15:07

Gaur egin dute agerraldia Lezoko Oroitzene AEK eta Lezoko Udalak, 2025-2026 ikasturteko izen-emate kanpainari hasiera emateko. 

Iker Salaberria Euskara zinegotzia eta Idoia Arbelaitz Oroitzene AEK-ko kidea izan dira aurkezpenean, ikasturte berriari hasiera emateko. Aurtengo leloa ‘Euskara eroso ikasi eta bizi’ da, euskara ikasleek egunerokoan euskara modu errazean, erosoan eta dinamikoan erabil dezaten baita helburua. 

Iker Salaberria Euskara zinegotziak herrian euskara ikasteko gogoa badagoela adierazi du: “Herritarren artean euskara ikasteko edota euren euskarazko gaitasuna hobetzeko gogoa indarberrituta dabil, eta horren erakusle da iaz 60 ikasletik gora matrikulatuta izana AEKn”.

Hala ere, oraindik ere egiteko bidea badagoela ez dute ahaztu nahi, eta horregatik urte osoan zehar elkarlanean ibiltzen dira Oroitzene AEK eta Lezoko Udala. Udalarentzat “euskaltegian ikasle berri bakoitza berri on bat bilakatzen dela” nabarmendu du Salaberriak, euskara ikasteko eskubidea bermatzen jarraitzeko, euskaraz bizitzeko eta herri kohesioan laguntzeko aurrerapausua baitira. 

Arbelaitzek aipatu duen moduan, “ikasturtea hastearekin batera, Lezo jaietan murgiltzen da eta Oroitzene osatzen dugunok maite dugu jai horiez euskaraz gozatu, eta gure aletxoa jartzea. Ikasturtean zehar ere hamaika egitasmo antolatzen ditugu elkarlanean, gure helburua ez baita soilik ikasleek euskara ikastea, baizik eta ikasten duten hori euren herrikideekin erabiltzea: lanean, kirolean, kulturan, aisian... Euskara ikasteak hizkuntza bermatzeaz gain, komunitate eta sare berri baten kide izan, eta mundu berri bat ezagutzeko parada eskaintzen dio euskara ikasleari”.

Ikasturte berriaren leloa ‘Euskara eroso ikasi eta bizi’ izanik, denontzat euskara ikastea erraza izan dadin da helburu nagusia, “Euskara ikasteko bide horretan, guztiok ez gaude leku berean, baina Oroitzenen den-denok daukagu tokia. Aurten ere eskaintza zabala daukagu, behe mailetatik hasi, eta goi mailetaraino. Goizez, eguerdiz nahiz arratsaldez jaso daitezke eskolak, baita txandaka ere; eta guztion beharretara egokitu ahal izateko, autoikaskuntza ere badaukagu”.

Lezoko Udalak ere euskara ikasteko prozesu hori ahalik eta erosoena izan dadin, baliabideak jartzeko konpromisoa du. Izan ere, Lezoko Udalak beka eta laguntza lerro bereziak ditu euskara ikasleentzako. 0-12 urte bitarteko haurrak dituzten guraso zein aitona-amonen kasuan, soilik matrikularen %33 ordaindu beharko dute. Eta horien kasuan, zein gainerako ikasle guztien kasuan, iaz onartutako neurriarekin jarraituz, ikasturte amaieran eskoletara %75ko asistentzia frogatuz gero, ordaindutako matrikula osorik itzuliko zaie, maila gainditu behar izan gabe.

Beraz, lezoarrei gonbidapena egin diete ‘Euskara eroso ikasi eta bizi’ dezaten, egunerokoan eta aurreiritzirik gabe. “Euskaraz bizi nahi dugun guztiok ahalegin hori eskertuko diegu, eta udaletik bide hori ahalik eta erosoena izan dadin laguntzen saiatuko gara”, aldarrikatu du Salaberriak. Bere aldetik, “gu lanean hasi gara jada, indarberrituta eta gogotsu. Hortaz, komunitate honetako partaide izatera gonbidatu nahi zaituztegu”, egin die gonbidapena Arbelaitzek.  

Irailean zehar eman ahalko dute izena interesdunek, urrian hasiko baitira eskolak. Informazio gehiago lortzeko eta izena emateko, Oroitzene AEK euskaltegira bertaratu daitezke 10:00etatik 13:30ra eta 16:30tik 19:30ra bitarte, edo telefonoz (943 51 91 44) edo korreo elektronikoz (lezo@aek.eus) kontaktuan jarri daitezke edozein momentutan. www.aek.eus webgunean ere informazio gehiago dago eskuragarri.  

Arloa edo saila