LEZO EUSKARAGARRI AHALDUNTZE ESKOLA EKAINEAN ABIATUKO DA

Or, 2026-05-15 15:00

Lezo Euskaragarri plan estrategikoaren baitan, AHALDUNTZE ESKOLA jarriko du martxan Lezoko Udalak, euskaratik eta euskaraz ahalduntzeko, euskaraz bizi nahi duten herritarrek elkarrekin hausnartu, ikasi eta tresna praktikoak garatzeko espazioa. Lehenengo bi saioak ekainaren 2an eta 11n izango dira, hitzaldia eta mahai-ingurua, hurrenez hurren.

2025 urtearen hasieran onartutako Lezo Euskaragarri plan estrategikoaren baitan, garatu beharreko lan-ildo nagusien artean jaso zen euskal hiztunak ahaldundu, aktibatu eta euskaldun izatearen kontzientzia areagotu beharra.

Bide horretan, Lezo Euskaragarri ahalduntze eskola  abian jarriko du Lezoko Udalak. Horrela, mugimendu feministak egindako ibilbidetik ikasita, esperientziak partekatzeko, eguneroko zapalkuntzak identifikatzeko eta subjektu aktibo gisa jarduteko, funtsean, euskal hiztunen ahalduntzea lantzeko, espazio kolektiboa sortzea du helburu ekimen honek.

Izan ere, euskaraz bizi nahi duten herritar askok antzeko egoerak bizi dituzte sarri: hizkuntza-ohiturak mantentzeko zailtasunak, deseroso sentiarazten dituzten egoerak, erdarara jotzeko inertziak, euskaraz aritzeko zilegitasun falta...

Horri guztiari buruz hausnartzeko, elkarrekin ikasteko eta tresna praktikoak garatzeko espazio seguru eta parte-hartzailea eskaini nahi du udalaren ekimen honek. Euskaratik eta euskaraz pentsatzeko, sentitzeko eta ahalduntzeko espazioa.

Programa hainbat formatutako saioek osatuko dute: hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak... Saio horietan hizlari, dinamizatzaile eta eragile ezberdinek hartuko dute parte.

Lehen bi saioak ekainean antolatu ditu udalak.

  • Ekainaren 2an, asteartea, 18:30ean Kultura Aretoan. Hitzaldia: Ahalduntzea, euskalgintzatik eta feminismotik. Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre.
  • Ekainaren 11n, osteguna, 18:30ean Kultura Aretoan. Mahai-ingurua: Tribukideekin ikusi eta ikasitakoak. Kike Amonarriz eta Izaro Arruti, Arantxa Iraolak gidatua.

Bi saioak doakoak eta irekiak izango dira. Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu egitasmoan parte hartzera, bereziki Lezo euskaldun baten alde eragin nahi duten horiek, Lezo euskaragarri baten aldeko horiek.

Ahalduntzea ez da soilik banakakoa, kolektiboa ere bada. Horregatik, guztion parte hartzearekin, saio hauek Lezoko euskal hiztun komunitatea sendotzeko baliagarriak izango dira.

Arloa edo saila