Lezoko Udalak, Bai Euskarari elkartearekin lankidetzan, merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko proiektua abiatu du

Ar, 2024-02-06 17:04

Proiektu honen bidez, komertzioei eta entitateei lagunduko die euren zerbitzua hobetzeko hizkuntzen kudeaketan.

Lezoko Udalak eta Bai Euskarari lankidetzari esker, komertzioetan, ostalaritza-establezimenduetan edota entitateetan bezero euskaldunei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko aukera izango dute. Modu errazean, gainera.

Iker Salaberria, Euskara zinegotziaren hitzetan: “Gaur egun, herriko merkataritzaren balio nagusietako bat, gertutasuna eta aurrez aurreko harremanak eskaintzea dira. Gertutasun horrek harremanak estutzea eta konfiantza sortzea errazten du; eta horrekin lotuta dago, hain zuzen, euskaldunoi zerbitzuak euskaraz eskaintzea ere. Horregatik diogu, zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten merkatariek euskaldunoi kalitate hobeagoa duen zerbitzua eskaintzen digutela”.

Horretarako proiektua da abiatu berri duguna. Lehen urratsa Lezokoak elkarteari proiektu honen berri ematea izan zen. Ondorengo egunotan, berriz, Lezoko establezimenduak bisitatzen hasiko da Bai Euskarari elkarteko teknikari bat, proiektuaren berri aurrez aurre eman eta parte hartu dezaten animatzeko.

Parte hartzea erabakitzen duten entitateekin beste hitzordu bat jarriko da, eta ordu eta erdi baino gutxiagoan, entitatearen edo komertzioaren euskaren diagnostikoa egingo diete. Jasotako emaitzaren arabera, entitateak hiru mailatan sailkatuko eta dagokien ziurtagiria eskuratuko dute:

  • Zerbitzua eta lana euskaraz: euren bezeroari zerbitzua euskaraz eskaintzen dieten, eta gainera, euren lan-jarduna euskaraz garatzen duten entitateak.
  • Zerbitzua euskaraz: euren bezeroari zerbitzua euskaraz eskaintzen dieten entitateak.
  • Euskararen bidean: zerbitzua euskaraz eskaintzera iritsi ez arren, horretarako bidea abiatu duten entitateak.

Behin diagnostikoa eginda, jarraian, euren entitateen jardunean euskararen erabilera areagotzeko urteko helburuak zehazten lagunduko zaie, bai eta horretarako baliabideak eskainiko ere.

Udalaren eta Bai Euskarari elkartearen lankidetzari esker, zerbitzu hauek, gutxienez, bi urtez doan izango dira.

“Euskal Herriko 1.300 entitate edo komertzio inguruk dagoeneko badute Bai Euskarari ziurtagiria, eta Lezoko entitateei ere urratsa egiteko gonbita luzatu nahi diegu. Horrela, bezero euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzeaz gain, zerbitzu hobe eskainiko digute. Euren ziurtagiria eskuratuta, bezero berriak eskuratzeko aukera ere izan liteke. Batu zaitezte euskararen mapara!” amaitu du Salaberriak.

Arloa edo saila