Giro aparta Lezoko udalekuen hasieran

Az, 2021-07-07 09:44

Hilabete osoan izango dira eta kutsadurak saihesteko protokoloa ezarri da.

COVID-19ak sortutako pandemia dela eta, beste era bateko udalekuak antolatu behar izan dira aurten. Hala ere, 191 haurrek eman zuten izena udalekuetan, etxeko txikientzat arrakasta handia duen ekimena baita. Uztaila osoan izango dira, 9:30etatik 13:30etara.

Egiten ari diren ekintzen artean, igerilekura bisita, zikinaren eguna, ur festa, altxorraren bila, Pasai Donibanera irteera, Jaizkibelera ibilalditxoa eta Lezoko Baserrietara bisita daude.

Talde burbuilak osatu dira

Lau zikloetan banatutako hogei taldeetan bereizi dira parte hartzaileak, bakoitzean 10 haur baino gutxiago daudelarik. Jende pilaketak saihesteko, lau sarrera ezarri dira umeentzako. Eguna hasi eta tenperatura begiratzen zaie eta gel hidroalkoholikoa eman. Gainera, erabilitako material guztia desinfektatu egiten da.

Eguraldi txarra egiten duen egunetan, talde bakoitzak gela bana dauka, ekintzak bertan egin ahal izateko.

Pandemiak sortutako egoera familia eta haurrentzat zaila denez, udalekuak aurrera ateratzea ezinbestekoa zen. Txikitxoek aisialdirako denbora eta eskaintza behar dute. Dena dela eta, udalekuen lehendabiziko egunetan, harrera oso baikorra izan da umeen artean. Udaz gozatu ezazue!