Lezo eta Donibane arteko bidegorria eraikitzeko lanak azaroan hasiko dira

Az, 2017-10-25 12:49

Lezoko Udalak dagoeneko esleitu ditu obrak 364.935,65€-ko aurrekontuarekin (BEZ barne) eta Sasoi Eraikuntzak enpresa arduratuko da lanak gauzatzeaz. Beraz, lanak esleituta, 3. zatiari dagozkion lanak, hau da, Lezoko herri erdigunetik gertuen dagoen eremuari dagozkionak, azaroan hasiko dira. Lan horiei esker pertsonen segurtasuna, mugikortasuna eta ongizatea hobetzea lortuko da.

Udalak, abuztuan, Lezo eta Donibane lotuko dituen oinezko eta txirrinduentzako pasabidearen 3. zatia eraikitzeko lanen lizitazioa abiarazi zuen.

Jasotako proposamen guztiak aztertu ostean, Udalak Sasoi Eraikuntzak enpresari esleitu dizkio lanak, 364.935,65€ aurrekontuarekin (BEZ barne).

Lezo eta Donibane arteko bidegorriaren 3.zatia eraikitzeko lanen %85a Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko du eta gainerako %15a, Lezoko Udalak. Horrela jaso zuten apirilean sinatutako hitzarmenean. Aipatu hitzarmena legealdi hasieratik eskualdea biziberritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak landutako estrategiaren baitan kokatzen da.

Lanak azaroan hasiko dira:

Obrak esleituta, azaroan hasiko dira bidegorriaren 3.zatia eraikitzeko lanak.  Jakina denez, obra 3 zatitan banatuta dago eta aurten, 2017an, Lezoko herri erdigunetik gertuen dagoen zatia da eraikitzen hasiko direna. Gainerako bi zatiak datozen urtetan eraikiko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bi zatiak ere finantziatzeko konpromisoa hartua baitu.

Azaroan eraikitzen hasiko diren 3.zatia oso garrantzitsua da Lezorentzat eta lezoarrentzat herri erdigunetik gertuen dagoen zatia izateaz gain, oinezko zein txirrindu ugari igarotzen delako egunero bertatik eta egun eremua ez delako guztiz segurua pertsonentzat. Horregatik, lanek lezoarren zein inguruko herritar guztien segurtasuna, mugikortasuna eta ongizatea hobetuko dituzte. 

Arloa edo saila