Parte hartze prozesuko tailerra, asteazkenean

Al, 2018-05-21 10:33

Tailerra Altzate Auzo Elkartearen egoitzan egingo da maiatzaren 23an, asteazkenean, arratsaldeko 17:00etan eta bertan, auzoaren beharren eta Altamirako parke-anfiteatroaren erabilera posibleen inguruan hitz egingo da. Norberaren ekarpen eta proposamenak taldean eztabaidatzeko aukera izango da

Oraingoan, parte hartze prozesua azken txanpan sartzear dagoela, tailer bat antolatuko da maiatzaren 23an, arratsaldeko 17:00etan. Tailerra Altzate Auzo Elkartearen egoitzan egingo da eta auzotar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta. Bertan, auzoaren beharren eta Altamirako parke-anfiteatroaren erabilera posibleen inguruan eztabaidatuko da. Izan ere, Udalak 40.000 euroko diru-partida bideratuko du Altamira auzoan hobekuntzak gauzatzera eta, bestalde, parke-anfiteatroa berritzeko egingo den proiektuaren aurrekontua parte hartze prozesua amaitzean zehaztuko da auzotarrek egindako proposamen eta ekarpenen arabera.

Beraz, Udalak auzoko etxebizitza guztietara bidalitako esku-orria bete eta auzo elkarteko zein igerilekuko postontzietan uzteaz haratago, proposamenak eta ekarpenak gainontzeko auzokideekin elkarlanean egiteko aukera izango da asteazkenekoa.

Parte hartzeko azken egunak

Altamira auzoa hobetzeko parte hartze prozesuan proposamen eta ekarpenak egiteko azken astea da hau, izan ere, maiatzaren 27an, igandean, itxiko da prozesua. Dagoeneko 10 egun igaro dira prozesua martxan jarri zenetik eta aurreko astean, auzo elkartearen egoitzaren aldamenean, informazio-karpa bat jarri zen auzotarren zalantzak argitzeko helburuarekin.

Halaber, igandera arte egin ahal izango dira proposamen eta ekarpenak auzo elkarteko eta igerilekuko postontzietan esku-orria erantzunda utzita edota online inkesta erantzunda.

Arloa edo saila