Ekitaldia Hernaniko udaletxean egin da, eta han izan dira Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Xabier Lertxundi (Hernani), Andu Martinez de Rituerto (Tolosa) eta Mikel Arruti (Lezo) alkateak
Eusko Jaurlaritzak eta Hernani, Tolosa eta Lezoko Udalek Gipuzkoako hiru udalerri horiek bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko ekitaldia egin dute gaur. Izendapen hori beste mugarri bat da Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren lehentasunezko politika baten hedapenean, herritarrak alokairuaren tentsionamenduaren aurrean babestera begira eta izendapen bakoitzarekin lotzen diren hiru urteko etxebizitza-planak bizkortzera begira.
Denis Itxaso sailburuak izendapen horiek kokatu ditu Euskadiko eremu tentsionatuen mapa pixkanaka finkatzeko eta zabaltzeko Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren barruan. “2025. urtea ixtean, hamaika udalerri zeuden modu ofizialean izendatuta eta BOEn argitaratuta —Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Barakaldo, Irun, Galdakao, Donostia, Bilbo, Astigarraga, Usurbil eta Gasteiz—.Hernani, Tolosa eta Lezoren izendapenekin —berehala argitaratuko dira BOEn—, hamalau eremu tentsionatu horietan bizi diren biztanleak Euskadiko biztanleria osoaren % 53 eta Gipuzkoako lurraldeko biztanleriaren % 52 dira”, eman du aditzera sailburuak.
Horrez gain, Saila tramiteak jada hasita dituzten beste herri batzuekin ari da lanean; besteak beste, Arrasate, Zestoa, Pasaia eta Basaurirekin. Horiek ondorengo faseetan sartu ahal izango dira, prozedurak amaitutakoan. “2026rako helburua da izendapen bakoitzarekin lotzen diren hiru urteko ekintza-planetan sakontzea eta 18 udalerriren estaldura lortzea, horietan bizi den Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 54,12 babestuta”, adierazi du Itxaso sailburuak.
Bestalde, sailburuak jakinarazi duenez, “Gipuzkoan gaur egun 30.470 alokairu-kontratu daude indarrean, eta horietatik 18.057 bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatutako udalerrietan biltzen dira. Horien barruan, 8.019 kontratu urte honen barruan amaitzen dira, 2021ean sinatu baitziren; alabaina, babestuta geratuko dira eremu tentsionatu izendapenaren ondorioz”. Ildo horretan, erantsi duenez, “izendapenaren onuretako bat da, besteak beste, maizterrek beren kontratuak luzatzeko aukera izatea eta, hartara, segurtasun eta egonkortasun handiagoa izatea, bizitegi-presioa nagusi den testuinguruan”.
Gipuzkoa, estaldura handiena duen eta alokairurako erreferentziazko indizeak dituen lurraldea
Hedapena adierazgarria da, batik bat Gipuzkoan. Gaurko izendapenekin, Euskadiko 14 udalerri izendatu dira eremu tentsionatu, eta horietatik 10 Gipuzkoan daude, batez ere Donostiako eremu metropolitarraren inguruan.
Gainera, Gipuzkoak alokairurako erreferentziazko indizeak ditu, eta, horri esker, eremu tentsionatu horietako kontratuek esku-hartze publikoko tresnak dituzte errentak objektibatzeko eta moderatzeko (erreferentziazko indizeak eta IRAV - Etxebizitza Errentamenduak Eguneratzeko Erreferentziazko Indizea, aplikatzekoak diren kasuetan eguneratzeko). Horrela, herritarrek administrazioen aurrean beren eskubideak baliatu ahal izatea bermatzen da.
Lezo: 158 etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berri, eta erroldatu gabeko 208 etxebizitza mobilizatzea
Lezok hiru urteren buruan 158 etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berri sustatzea aurreikusten du, eskaintza handitzea eta egungo parkea mobilizatzea uztartuta. Diagnostikoak (534 eskaera aktibo erregistratu dira Etxebiden) islatzen du alokairu-eskaria nagusi dela (% 56,6), eta eskatzaileen erdiak baino gehiago (% 51,1) ez daudela udalerrian erroldatuta —horrek areagotu egiten du parke mugatuaren gaineko presioa—.
Eskaintzari erreparatuta, planak garapen jakin batzuk zehazten ditu —Olatzar eremua (etxebizitza tasatuak eta babes ofizialeko etxebizitzak, zenbait fasetan) eta Isasti eremua—, eta gazteentzako alokairu-erregimenerako 52 zuzkidura-bizitoki bultzatzea aurreikusten du, aldi baterako egonaldietarako. Arruti alkateak azaldu duenez, “urteetan izapidetze-arazoak izan dituen proiektua da, baina azken bultzada emateko bidean gaude. Berri ona dugu, gazteen emantzipaziorako eskaintza zabalduko baita. Hala ere, saiatuak izan behar dugu, 17 urte pasa baitira, eta urte horietan guztietan, pertsona askok baliatu baizezaketen zuzkidurako etxeen aukera euren bizi proiektua garatzeko”.
Planaren berehalako palanketako bat inor erroldatuta ez duten etxebizitzak dira: 208 etxebizitza identifikatu dira, bizitegi-parkearen % 7,44 gutxi gorabehera. Etxebizitza horietatik 175 herrigunean biltzen dira, eta horrek indartu egiten du alokairu-eskaintza handitzeko berehalako baliabide gisa duten potentziala.
Etxebizitza horiek mobilizatze aldera, Udalak pizgarrien eta neurri fiskalen konbinazioa aurreikusi du: Bizigune programan sartutako etxebizitzei Ondasun Higiezin gaineko Zergan % 50eko hobaria aplikatzea (gaur egun Lezoko 10 etxebizitza daude atxikita, 9 jada okupatuta eta 1 onarpen-prozesuan), eta etxebizitza hutsei errekarguak aplikatzea Ondasun Higiezin gaineko Zergan. Alkatearen hitzetan, “neurri horiek izango duten eragina aztertuko da, inor bizi ez den etxebizitzen kanona ere aplikatu beharko litzatekeen baloratzeko”, Azpeitiak egiten duen bezalaxe.
Aldi berean, jabeei zuzendutako zuzeneko informazio-ekintzak egitea aurreikusten da, Bizigune eta ASAP programetan sar daitezen —azken horretan oraindik ez dago espediente aktiborik udalerrian—.Aldi berean, Lezok, Errenteria, Oiartzun eta Pasaiarekin batera, Oarsoaldeko Etxebizitza Bulegoa jarriko du abian. Bulego horren helburua izango da Udalak eskaintzen dituen dirulaguntzen eta beste erakunde batzuek dituzten programen berri ematea —aipatu ditugun Eusko Jaurlaritzarenak esaterako— eta herritarrei arreta ematea.
Azken batean, Lezoko Etxebizitza Planak ibilbide integral bati jarraitzen dio, eta Udala hainbat puntutatik ari da aurrera egiten. Puntu horietako bat da udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzea. “Horri esker, tresna juridiko eta administratibo zehatzak aktibatuko ditugu lezoarren etxebizitza-eskubidea bermatuko duen bidean aurrera egiteko. Lezo herri bizia da, komunitatea zaintzen duen herria. Helburu argia dugu: lezoarrak Lezon bizi ahal izatea”, aditzera eman du alkateak.
Zonatensionadaeuskadi.eus
Zonatensionadaeuskadi.eus webgunean eremu tentsionatuen irismenari eta egoerari buruzko informazio eguneratua kontsulta daiteke. Webgunean eremu horiekin lotzen diren arau-hausteak jakinarazteko salaketa-postontzi bat dago —alokairu-prezioen mugak ez betetzeetatik hasi eta lizentziarik gabeko etxebizitza turistikoen jardueraraino—.