Irisgarritasuna eta segurtasuna nagusi Elias Salaberrian

Az, 2019-08-14 17:47

Hiru hilabete bete dira dagoeneko Udalak Elias Salaberria kalea berritu zuenetik eta orduz geroztik irisgarritasunean, segurtasunean eta espazioan irabazi du aipatu kaleak.

Egindako lanen artean nabarmentzen dira: zoruaren berritzea, espaloien zabaltzea, argiztapenaren hobekuntza edota euri-uren eta ur saneamenduaren berritzea, besteak beste.

Herritarrei eremu atseginagoak, egokiagoak eta irisgarriagoak eskaintzea du helburu Udalak eta bide horretan, esaterako, burututako beste hainbat lanen artean, Elias Salaberria kalearen eraberritzea nagusitu da azken hilabeteetan.

Dagoeneko hiru hilabete igaro dira Udalak aipatu kaleak berritu zuenetik eta denbora horretan, nabarmen hobetu da bertako irisgarritasuna eta segurtasuna. Izan ere, kalea guztiz pitzaturik zegoen bertako zuhaitzen sustraiengatik eta horrek, irisgarritasunean eragiteaz gain, arriskuan jartzen zuen oinezkoen segurtasuna. Horrenbestez, bi arazo horiek hobetu eta irtenbidea emate aldera, Udalak proiektu bat garatu zuen kalea hobetu eta eraberritzeko.

Segurtasuna eta irisgarritasuna ardatz

Proiektu horren baitan, hain zuzen, Elias Salaberriako zoru guztia berritu du, zoladura eta baldosa berriak jarriz. Horrekin batera, espaloiak ere zabaldu ditu eta bertako eserlekuak berritu ditu Udalak, eremua irisgarriagoa eta oinezkoentzat atseginagoa egiteko.

Horrez gain, zuhaitz berriak ere landatu ditu Udalak, txikiagoak eta eremurago egokiagoak direnak. Izan ere, aurretik zeuden zuhaitzetatik asko  gaixorik eta erortzeko arriskuan zeuden eta beste askok, sustraiak bota eta ondorioz zorua altxa eta pitzatu zuten, bi kasuetan, oinezkoen segurtasuna arriskuan jarriz eta kaleko irisgarritasuna oztopatuz.

Egoera horren aurrean, beraz, Udalak, zuhaitz horiek guztiak kendu eta madariondoen familiako “Pyrus Calleryana” hamabi zuhaitz berri landatu eta lore berriak jarri ditu, esan bezala, txikiagoak eta aipatu arazoak sortzen ez dituztenak. Eta segurtasuna bermatzea ardatz izanik, erreka ondoko horma ere altxatu du, aurrekoa oso baxua baitzen.

Horrez gain, kalea eraberritzearekin batera, bertako argiztapena hobetu du Udalak, aurrekoari LED teknologiadun argiztapen sare berria gehituz; horrekin batera, euri-uren sistema eta saneamenduarena ere berritu ditu.

Lan horien guztien bitartez, erreka Elias Salaberria kaleko espaloira gerturatu nahi izan du Udalak, oinezkoek errekaren soinua gertutik entzun dezaten. Naturako elementuak gerturatzearen helburua izan da, eremua atseginagoa izatea oinezkoentzako, beti ere espazioa utzita bertako faunaren berreskurapenerako.

Horiek horrela, egindako lanekin, Elias Salaberria kaleko irisgarritasuna hobetu eta bertako oinezkoen segurtasuna bermatzeaz gain, eremua oinezkoentzat atseginagoa egin du Udalak, kalea espazio eta argitasun handiko eremua bilakatuz.

Amaitzeko, espaloiaren beste aldean dagoen espazioa ere berrantolatu du Udalak, bertako lurra hobetuz eta aparkalekuak margotuz. Horri esker, ibilgailuek modu antolatuan aparkatzen dute orain bertan, espazio gehiago izanik horretarako.